Sorbeltzaren bidaiari segika

Sorbeltz baten istorioa abiapuntutzat hartuta, liburu ilustratu bat eta unitate didaktikoak sortu dituzte Hernanin, haurrekin kulturartekotasuna eta migrazioa lantzeko. Hernanirako ez ezik, Euskal Herriko beste hainbat lekutarako ere balio du.


Ane Insausti Barandiaran

Hegazti azkarrak dira sorbeltzak, eta bizitza gehien-gehiena hegan ematen dute; ez dira pausatzen: lo, ura edan eta ugaldu, dena egiten dute hegan. Beste ezaugarri bat da txori migratzaileak direla, eta, urtero, egunak laburtzen direnean eta eguzkiak indarra galtzen duenean, beste herrialde batera joaten direla negua igarotzera. Halaxe egingo du Xorrek ere, Euskal Herrian jaio zen sorbeltzak, Xor eta Beltz, mundu bat guztiontzat liburuan. Eta bide horretan topatuko du Beltz, sorbeltz ausarta. Lagun bihurtuko dira, eta elkarrekin ezagutuko dute mundua.

Liburua taldean sortu dute, eta taldean aurkeztu: Iñaki Sanz-Azkue biologoa eta Maialen Diaz de Zerio Lehen Hezkuntzako irakaslea arduratu dira istorioa idazteaz, eta Ane Aierbe Lehen Hezkuntzako irakasleak egin ditu ilustrazioak. Bi irakasleak elkarrekin aritu ziren lanean Hernaniko Urumea ikastolan (Gipuzkoa), eta bertako errealitatea da kontatzen dena. «Ikusten dugu gizartean geroz eta kulturartekotasun handiagoa daukagula, eta hori islatu egiten da eskolan. Hezkuntza ari da horri erantzuteko saiakerak egiten, baina, askotan, ekintza puntualak baino ez dira izaten. Gure asmoa da ikasegoera bat sortzea kulturartekotasuna eta migrazioa aitzakia gisa hartuta», azaldu du Diaz de Zeriok.

Ipuineko istorioa ikasgelarako sortu zuten aurrena, eta eskolan bertan hainbat antzerki eta lanketa egiteko baliatu. Urtebetez material didaktikoa sortzen ere aritu ziren, gainera. Behin material guztia esku artean zutela, Alberdania argitaletxeko atea jo zuten, eskolarako sortutako ipuina liburu bihurtzeko asmotan. Han, ordea, unitate didaktikoak zituen beste liburu bat erakutsi zieten, eta proiektu osoa euskarri bakar batean biltzea pentsatu zuten: liburuaren hasieran dagoen QR kode batek material pedagogikora bideratzen du irakurlea. Ikaslearen eta irakaslearen koadernoak, berriz, bingo eta karta jokoak eta informazio txartelak biltzen ditu.


Hernaniko hainbat ikasgelatan probatu dute jada, eta, Diaz de Zeriok nabarmendu duenez, aurreko esperientzia batzuetan ikusi duten bezala, ikasleek hobeto jasotzen dute mezua esperientzien bidez ikasten ari diren hori sentitzen badute: «Gaia abstraktua eta oso zabala da, eta ez da erraza izan horren kontzeptu korapilatsua hitz sinpleetan jartzea. Normalean, gauzak naturalizatzeko erraza izaten da naturara jotzea, eta, kasu honetan, bi sorbeltzen migrazioaren bidez egin dugu paralelismoa gizakien migrazioarekin».

Sorbeltzak nonahi

Proiektua sortzeko lanean aurrera egin ahala, konturatu ziren Hernanirako ez ezik Euskal Herriko beste hainbat tokitarako ere baliagarria izan zitekeela, Sanz-Azkuek azaldu duenez: «Halako batean, konturatu ginen Urumean bezala agian Arabako, Nafarroako edo Bizkaiko beste edozein eskolatan lantzeko aukera ere ematen zuela, eta merezi zuela hori zabaltzea». Hortaz, ipuina sortzeko orduan, Gasteizko, Amaiurko (Nafarroa) eta Ordiziako eskolako (Gipuzkoa) irakasleekin egin dute kontrastea, eta haien aholkuei ere jarraitu diete.

Hiru osagairen arteko elkarrizketa ageri da liburuan: zientziaren, hitzen eta ilustrazioaren artekoa. Eta, elkarrizketa horren ondorioz, bai idatzizko eta bai irudizko kontakizuna etengabe aldatu dituzte sortze prozesuan. Sanz-Azkuek aitortu duenez, «zorrozkailu» lana egin du, ilustrazioek sorbeltzen errealitatea islatu zezaten. Esate baterako, Aierbek ohiko habia bat marraztu zuen hasieran, baina biologoak esan zion sorbeltzek teilatupeetan egiten dituztela habiak: «Aurrena hau esan behar izan nion: irudia aldatu behar duzu, guztiz. Horrela hasi zen gure arteko harremana [barrez]. Ilustrazioek izugarrizko indarra dute: sorbeltzek itxura pixka bat aldatzen dute adinaren arabera, eta, hortaz, Xorren itxura aldatuz doa. Beraz, ume batek Xor behin eta berriz ikusten badu, nahi gabean informazio hori barneratu egingo du».


Hortaz, etengabe aritu dira aldaketak egiten: Afrikako sabana bateko paisaia bertako animalia eta guzti marraztu dute, eta Hernaniko ikasgelara beste ume bat iristen zen aldiro, beste haur bat marrazten zuen Aierbek. Esperientzia aberasgarria izan dela esan du: «Ohartzen gara gure etxetik beste batzuen istorioa kontatu dugula, guk bizi izan gabekoa. Urumeako ikasleen amek kontatu zizkiguten istorio horiek. Halako momentuak izan dira guretzat berezienak: asko transmititu baitigute, eta asko jaso baitugu».

Liburua aitzakia bat izatea nahi dute, beste ikastetxe batzuetan edo edozein familiatan gaia lantzeko, eta, Xorri eta Beltzi jarraituz, munduan denentzako tokia dagoela nabarmentzeko. Proiektua biribiltzeko, Maialen Lujanbiok bertso bat egin du: «Jolasean umeak/ hegaka sorbeltzak/ zeru beraren pean/ mundu bat denentzat». QR batean dago hura entzungai, Lujanbioren ahotsean istorio barrura hegaldatzeko.

top