'Stop motion': panpinak mugimenduan
Haurrekin txotxongilo tailerrak egin dituzte Tolosako Topic museoan. ‘Stop motion’ teknika erabilita, istorioak sortu dituzte.
Ane Insausti Barandiaran
Koloretako plastilina zatiak sakabanatuta daude Tolosako Topic museoko gela bateko mahaiaren gainean: morea, arrosa, horia, urdina, berdea... Plastilinaz beteak dituzte eskuak eta azazkalak bertako haurrek, eta prest dituzte material horrekin eraikitako askotariko pertsonaiak. Erronka ederra dute parean: txotxongiloak eraiki eta istorio bat sortzea. Udaberriko oporrak baliatuta, txotxongilo tailer bat egin dute hiru egunez, Itzale Lakak eta Ilargi Arrizabalagak gidatuta.
«Txotxongiloen ondarea lantzea eta ezagutaraztea da asmoa», Lakaren arabera. Kasu honetan, stop motion teknika erabiliko dute: plastilinaz egindakoak dira txotxongiloak, eta argazkiz argazki emango diete bizitza, elkarren ondoan jarri eta istorio bat osatu arte. «Teknologia berriak sartu dira txotxongiloen mundura, eta stop motion teknikaren funtsa panpinak manipulatuz bizitza ematea da», gehitu du.

Pantailara begira jarri dira haurrak: Galiziako O Apolo filmeko zati bat ikusi dute. Stop motion teknikaren bidez sortua da hura ere. «Konturatzen zarete? Panpinak dira, mugimenduan», esan die gidariak. Eta ikasten ari diren teknikak zinemarekin duen antzekotasuna azaldu du: «Teknika hau zinemaren sorrerarekin lotu daiteke. Azkenean, argazki bat bestearen atzetik jartzea eta sortzen den mugimendua jasotzea da filmen mekanismoa».
Hain justu ere, gelako txoko batean dituzte, kristalezko kutxa batean babestuta, film horretako Ramon eta Sal pertsonaien oinarriak, eta haiei begira jarri dira haurrak. Fitxak ere ikusgai daude: «Pertsonaia: Sal pertsonaiaren buruaren eskeletoa». Topicen daude, Fernando Cortizo zuzendariak dohaintza egin baitzion museoari, erakusketa baterako. Baina zergatik ez dauzka ilea, marrak eta belarriak? «Hau oinarria da, baina gainetik plastilinaz edo buztinez egiten dituzte aldaketak, pertsonaiak sortzeko», azaldu die Lakak.

Museoan daukate King Kong gorila ezagunaren txotxongilo handi bat ere. Ez da filmekoa, noski, inauteri batzuetakoa baizik. «Iñaki Goikoetxea herritarrak inauteri batzuetarako sortu zuen King Kong bat, eta bera haren gainean egon zen, mozorrotuta. Orain museoan daukagu txotxongiloa. Umeak oso harrituta gelditzen dira pieza horrekin». Eta haiei, berriz, zinemarekiko lotura hori azaltzeko balio die; King Kong filmaren zati bat ere ikusi dute tailerrean.
Teoriatik praktikara
Bezperatik sortuak dituzte plastilinazko pertsonaiak: izurdea, robota, neskatoa, harriak... Haiek egingo dituzten mugimenduak zehaztu behar dira orain. Gelaxkatan banatutako kartelak eman dizkie Lakak. «Binetak egingo ditugu orain. Erabaki behar dugu zer irudi agertuko diren gure filmean. Gero grabatuko duzuenaren komiki moduko bat egin behar duzue, eskema bat, pausoz pauso. Izan ere, gure pelikulan argazki pila bat aterako dira».
Koltxonetetan etzan dira, eta hasi dira haurrak gelaxkak betetzen. Jostailu fabrika bat batzuek, kaleko elkarrizketa bat besteek... irudimenak ez du mugarik, baina badago denbora muga, eta nahi baino gehiago ari dira luzatzen ariketa. «Ez du perfektua izan behar, hau eskema bat da, gero lagunduko diguna», gogorarazi die.

Eguneko tailerra bukatzeko, eszenografia sortzeko ariketa bat egin dute. Kartulina beltzez osatutako eszenatokian kokatu dituzte plastilinaz sortutako pertsonaiak, eta bertan hasi dira istorioa pausoz pauso nola grabatuko duten irudikatzen, telefono bat erabilita. Ulertu dute nola funtzionatuko duen: «Film labur bat ekoitziko dugu, bai. Baina prozesua bera da garrantzitsuena, eta stop motion-a zer den ulertzea».
Esan, eta egin. Kokatu dituzte pertsonaiak eszenografian, eta atera dituzte argazkiak, banan-banan. Sortutako pertsonaiak eta museoko bilduman dituzten stop motion-eko pieza batzuk, aldiz, Topiceko dendan jarri dituzte ikusgai, bideoak ikusteko QR kodeekin batera. Hala, museora joaten den orok izango du tailerraren lagin txiki bat ikusgai.