Sugeak, aurreiritziei miztoa mozten
Ane Insausti Barandiaran
1. ZER DIRA SUGEAK?
Animalia ornodunak dira sugeak, narrastien taldekoak. Iñaki Sanz-Azkue Aranzadi zientzia elkarteko herpetologoak zer diren azaldu du: «Jendeak bereizi dezan, hankarik gabeko narrastiak dira sugeak, baina salbuespen moduan ziraunak daude: muskerrak dira». Gaurko egunez ospatzen da Sugeen Nazioarteko Eguna, eta Aranzadiko ikertzaileek abagunea baliatu dute Journal of Biological Education aldizkarian argitaratutako ikerketa bat plazaratzeko: nerabeek sugeen inguruan duten pertzepzioari buruzkoa da.
2. IKERKETAREN ONDORIOAK
Araba, Bizkai eta Gipuzkoako sei ikastetxetan, 15-16 urteko 640 ikasleri sugeei buruzko galdetegi bat eginarazi zieten, eta ondorio esanguratsuak atera dituzte. Alde batetik, ikasleen %20k bakarrik adierazi dute ez direla sugeen beldur. Bestetik, nerabe askok lotura zuzena egiten dute sugeen eta pozoiaren artean, nahiz eta haien inguruan bizi diren zazpi suge espezieetatik bakarra den pozoitsua. Burura zetozkien espezieak zerrendatzean, berriz, aipamenen %8 soilik dira bertako espezieei buruzkoak. Hortaz, ikerketak berretsi du sugeekiko dituzten aurreiritziak negatiboak direla, eta agerian utzi du jendeak ez dakiela askorik bertako espezieei buruz.
3. ZER FUNTZIO DUTE BIOANIZTASUNEAN?
Ekosistema baten barruko izaki bizidunek sare trofiko izeneko kateak osatzen dituzte, eta sugeak ere kate horien parte dira. Hau da, izaki bakoitzak beste bat jaten du, eta ziklo oso bat osatzen da horrela; ekosistema orekatzeko balio du horrek. Beste era batera esanda, sugeak harrapariak eta harrapakinak dira, aldi berean: «Sare trofiko horretan ezinbestekoak dira sugeak. Horregatik, sugeak desagertzen diren momentuan, sare trofiko hori desegituratu egiten da, eta hor hasten dira kalteak sortzen ekosistemetan».

4. ZERGATIK DIRA HAIEN BELDUR?
Jendeak sugeei dien izuaren atzean arrazoi kulturalak eta biologikoak daudela azaldu du Sanz-Azkuek: «Alde batetik, hor dago kristautasunaren ondorioa: Adan eta Evaren kontakizunean, edo Bibliako hainbat pasartetan, sugea infernuarekin lotzen da. Bestetik, Euskal Herrian badaude bi espezie sugegorri pozoia dutenak, eta ezezagutzak pentsarazten du suge guztiek pozoia daukatela, edo guztiak direla arriskutsuak».
5. ZER DA AZALA ALDATZEA?
Sugeek ezkatak dituzte, eta, gorputza handitzen zaien heinean, azala aldatzen dute. Muskerrek eta sugandilek zatika aldatzen dute azala: zati txikiak erortzen zaizkie. Sugeek, aldiz, galtzerdi bat kentzean bezala aldatzen dute azala, herpetologoak esplikatu duenez: «Azala nonbait lotuta geratuko da, landare edo arantza batean, adibidez. Orduan, sugeak aurrera jotzen du, eta galtzerdi bat bezala kentzen da azala, osorik».

6. ZER EGIN SUGE BAT IKUSIZ GERO?
Suge bat ikustea ez da oso ohikoa, baina, ikustea suertatuz gero, ez oso gertu geldirik geratzea da onena, urduritu ez daitezen. Batez ere, ez dira zirikatu behar, ez dira hartu behar, arriskurik ez sortzeko. «Nik askotan esaten dut: suge bat ikusiz gero, geldirik gelditu, hartu distantzia bat, eta disfrutatu. Ez da erraza izaten haiekin topo egitea», esan du Sanz-Azkuek.
7. ZEINTZUK DIRA EUSKAL HERRIKO ESPEZIEAK?
Euskal Herrian hamabi suge espezie daude. Horien artean hiru soilik dira pozoidunak. Ezagunenak zerrendatu ditu herpetologoak.
SUGEGORRIAK
Hiru sugegorri espezie daude Euskal Herrian. Bertako sugegorri espezieen bereizgarria da begi ninia bertikala izaten dutela, eta buruaren eta gorputzaren tamaina, berdina. Pozoia dute, baina bi kasutan soilik erabiliko dute, Sanz-Azkueren arabera: «Harrapakin bat harrapatzerakoan, edo bere burua harrapatuta ikusten duenean, bere burua defendatzeko». Ugaztun txikiak, arratoi txikiak edo gisa horrelako espezieak jaten dituzte.
SUGE BIPERAKARA
Euskal Herri osoan dago suge biperakara. Izen hori hartzen du, hain justu ere, sugegorriaren antza duelako. Baina begi ninia borobila du, eta buruko ezkatak handiagoak ditu gorputzekoak baino. Erreketan eta putzuetan ibili ohi da, ura behar baitu: amuarrainak, igelak, anfibioak eta halakoak janez elikatzen da.
ESKULAPIOREN SUGEA
Farmazietako ikurrean agertzen den sugea da Eskulapioren sugea. Europa osoan espezie babestua da. Espezie handia da, iluna, baina ez dauka pozoirik. Ugaztun txikiak jaten ditu. Izurriteak kontrolatzeko lagungarria da, ugaztun txikiak jaten baititu. Baso inguruak asko gustatzen zaizkio, eta igokari oso ona da: arbolen enborretan gora igotzen da, habien bila, zuhaixka txikietan gora...

SUGE GORBATADUNA
Zelai eta belardietan askotan topa daiteke. Sagu txikiak eta igelak jaten ditu suge gorbatadunak ere. Handia da, berde-marroia, baina mantso samarra. Beraz, baserri ingurukoek ez diote beldurrik izaten, badakitelako ez duela ezer ere egiten.

8. ZER DA 'SUGEBIZI'?
Bertako suge espezieei buruzko ezagutza galtzen ari zela ikusita, Aranzadi zientzia elkarteak Sugebizi proiektua jarri zuen martxan duela urte batzuk. Jendeak Euskal Herrian ikusten dituen sugeen argazkiak sare sozialetan igotzean datza, aurkitu duten tokiaren koordenatuak zehaztuta. Egitasmoa onuragarria da bi aldeentzat: «Jendeari baliagarria zaio guri argazkiak bidaltzeko, bertako espezieez informatzeko eta aholkuak jasotzeko. Eta, era berean, Aranzadin ere datuak jasotzen ditugu, sugeei buruzko informazio gehiago izateko: non eta noiz dauden jakiteko».

BA AL DAKIZU?
Miztoa esaten zaio sugearen mihiari.