Uda hondar artean


Uxue Gutierrez Lorenzo

1. ZER DIRA HONDARTZAK?

Hondartza deritzo itsasoa eta lurra batzen diren tokiari. Oro har, malda txiki batean, amildegirik gabeko toki batean edo horien azpian sortu ohi dira. Hareaz edo harri txikiz osatutako lurzorua dute.

2. HONDARTZEN JATORRIA: NOLA SORTZEN DIRA?

Hondartzak itsasbazterreko higaduraren eta sedimentazioaren ondorioz sortutako eremuak dira. Ekaitz bortitzak daudenean, itsaslabarren kontra apurtzen diren olatuek harri zatitxoak botatzen dituzte harkaitzen kontra, eta horri deitzen zaio higadura fasea. Itsasoa baretzen denean, berriz, higadura prozesuan sortutako partikulak metatu egiten dira, eta hori da sedimentazio fasea. Partikula batzuk itsasoak eramaten ditu, eta hareak eta harri txikiak kostaldean geratzen dira: hondartzak eratzen dituzte itsaslabarren oinarrian eta ibaien bokaleetan.


3. ITSASOA: BANDERAK ETA OLATUAK

Hondartzetan, itsasoan bainatzeko eta freskatzeko aukera egoten da, baina ez da beti posible izaten. Itsasoaren egoeraren arabera, bainatzeko aukerak zabaldu edo mugatu daitezke. Bainatu daitekeen ala ez jakiteko, hondartza guztietan egon ohi den banderaren koloreari erreparatu behar zaio: berdea bada, bainatu daiteke; horia bada, bainua mugatua dago; eta gorria bada, ezin da bainatu. Are, bandera ez ezik, itsasaldia ere kontuan hartu behar da itsasoan bainatu ahal izateko. Itsasoaren gorabeherei marea deritze, eta olatuen tamainan zein hondartzaren zabaleran dute eragina. Itsasgora dagoenean, olatu handiak sortzen dira, eta hondartza asko estutzen da, batzuetan desagertzeraino. Itsasbehera dagoenean, berriz, olatu txikiak sortzen dira: hondartza askoz ere zabalagoa da, eta hondarretan etzateko eta jolasteko toki gehiago dago.

4. EUSKAL HERRIKO KOSTALDEA

Euskal Herriko zazpi lurraldeetatik hirutan topa daitezke hondartzak: Bizkaian, Gipuzkoan eta Lapurdin. Orotara, 75 hondartza daude Euskal Herriko kostaldean: 32 Bizkaian, 28 Gipuzkoan eta 15 Lapurdin. Muskizko Arena dago mendebaldeen (Bizkaia), eta ekialderantz Baionako Barrako hondartzaraino luzatzen da kostaldea. Mundakako Laidatxuk (Bizkaia), Zarauzko hondartzak (Gipuzkoa) eta Donostiako Zurriolak munduko hainbat surflari erakartzen dituzte.

5. SOROSLEAK

Sorosleak dira hondartzak zaintzeaz arduratzen diren beharginak. Haien egitekoa da arrisku egoerak aurreikustea, egoera horiek eragoztea eta arriskuan daudenei laguntzea. Hau da, prebentzio lana, salbamendu lan arinak —ziztadak eta zauri txikiak— eta uretako erreskate lanak egiten dituzte. Sorosle izateko, lehen arretan eta salbamenduan trebatzeko ikastaroak egin behar dira, eta Gurutze Gorriak gidatu ohi ditu saio horiek.


6. KONTUZ: MARMOKAK

Hondartzetako arrisku gero eta ohikoagoak dira marmokak. Animalia horiek gero eta gehiago agertzen ari dira, eta haien garroek eragindako ziztada oso mingarria izan daiteke. 1.500-2.000 espezie inguru daude, eta euskal kostaldean honako hauek dira espezierik ohikoenak: Aurelia aurita, Pelagia noctiluca eta Velella velella; tamaina ertain edo txikikoak dira. Bestalde, karabela portugesa ere tarteka agertu izan da, eta espezie horren ziztada arriskutsuagoa da; izan ere, ziztada pozoitsua du. Hondartzetako sorosleek marmoken agerpenei aurre egiteko protokoloak dituzte, eta zenbait gomendio zabaldu dituzte herritarrentzat. Marmoka bat ikustean edota marmoka batek ziztatzean, lehenbailehen sorosleari jakinaraztea da garrantzitsuena eta oinarrizkoena. Horrela, protokoloa aktibatu eta pazientea lehenbailehen artatu ahal izango dute.

BA AL DAKIZU?

  • Hendaiako Hondarraitz da Euskal Herriko hondartzarik luzeena, eta Lapurdin dago.
  • Izpi ultramoreak. Eguzkiak zenbait izpi mota igortzen ditu: batzuk osasungarriak dira, baina badira organismoarentzat kaltegarriak direnak ere: izpi ultramoreak, esaterako. Azala izpi ultramoreetatik babesteko, eguzkitako krema erabili behar da. Kremari esker, erredurak eta larruazaleko minbizia izateko aukerak murrizten dira.
  • 1.500-2.000. Marmoka espezieak munduan.


top