Udak atzean utzi duena
Ane Insausti Barandiaran
1. LURRIKARA KOLONBIAN
Lurra dardarka zutela esnatu ziren Kolonbian abuztuaren 10eko goizean, 07:30 aldera —Euskal Herrian 12:30 ziren—. 7,4 graduko lurrikara bat izan zen herrialdean; Choco departamenduko San Jose del Palmar herrian izan zuen jatorria. Larrialdi nazionala ezarri zuen hango presidente Abelardo de la Espriellak. Guztira, 330 lagunetik gora hil ziren, eta milaka eraikin, ikastetxe eta ospitale suntsituta geratu. Apurka-apurka horiek guztiak berreraikitzeko eta normaltasunera itzultzeko lanean ari dira orain.
2. UHOLDEAK NEPALEN
Glaziar baten erorketaren ondorioz, luizi eta uholde bortitzak izan ziren Nepal eta Tibet herrialdeen arteko muga inguruan. Nepalgo Poliziak emandako azken datuen arabera, 1.300 pertsona baino gehiago hil dira, eta lau mila pertsona baino gehiago daude desagertuta. Balendra Shah Nepalgo lehen ministroak parlamentuan hitz egin zuen, eta nazioarteari eskatu zion klima larrialdia denen ardura dela, eta bere gain hartu dezala dagokion partea.

3. LEHORTEAK ETA SUTEAK
Euskal Herrian uda oso lehorra izan da, eta tenperatura altuen eta euri faltaren eraginez, larretan ez da egon abereak elikatzeko nahikoa bazka. Ondorioz, normalean neguan erabiltzen duten pentsua udan erabili behar izan dute abeltzainek, aziendak zer jana izan zezan. Hori ikusita, baserritarrak eta abeltzainak kexu dira, eta laguntza falta salatu dute: Araban, adibidez, protesta egin zuten traktoreak kalera aterata, EAE «lehorte eremu» izenda dezaten eskatzeko. Egoera muturrekoa dela salatu zuten, eta neurriak hartzeko eskatu dioten Eusko Jaurlaritzari.

Suteak ere ugari izan dira. Euskal Herrian, Urzainkikoa (Nafarroa) itzaltzeko egun ugari behar izan zituzten, eta, behin itzalitzat ematean ere, berriro piztu zen. Araban 300 hektarea erre dira aurten, eta suteak izan dira herri askotan. Euskal Herritik kanpo, Girondan eta Landetan sute larriak izan dira, eta Euskal Herriko hainbat suhiltzaile itzaltze lanetan laguntzera eraman dituzte.
4. MIGRAZIO KRISIA CEUTAN
Uztail amaieran 50.000 herritar inguru saiatu ziren Marokotik Espainiarako muga zeharkatzen; inoizko saiakerarik jendetsuena da. Gutxienez 67 lagun hil ziren saiakeran, eta, Ceutara iritsi zirenetatik 48.300 baino gehiago berehala itzularazi zituzten Marokora. Ceutako periferian hartu zuten horietako askok aterpe, eta bertako herritarrak horiei laguntzeko antolatu ziren. Gerora, Europako Batasuna migratzaile guztiak itzularaztearen alde agertu zen, nahiz eta horietako asko adinez txikikoak izan. Gaia bolo-bolo darabilte instituzioetan oraindik ere, eta ikusteke dago zer neurri hartuko dituzten.
5. ABUZTUAREN 12A: EGUZKI EKLIPSEA
Abuztuaren 12an iritsi zen astronomia zale askorentzat inoizko egunik bereziena izango zena: Eguzki eklipse osoa ikusteko aukera izan zen Euskal Herriko hamaika txokotan. 19:30 aldera hasi zen Ilargia pixkanaka-pixkanaka Eguzkia estaltzen, eta 20:30ean guztiz estalita geratu zen. Minutu gutxian gaua egin zen, eta, ondoren, eguneko bigarren egunsentia iritsi zen: zerua argitu zen berriro ere. Behatoki gastronomikoak jendez bete ziren, eta milaka euskal herritarrek egin zuten fenomenoa ikusteko plan bereziren bat, betaurrekoak jantzita. Txaloka hartu zuten ezohiko iluntzea.

6. KALEKO AFARI SOLIDARIOEN DEBEKUA
Donostiako Udalak Kaleko Afari Solidarioak debekatu zituen uztailaren 28an. Egunero-egunero, hirurehun pertsona ingururi afaria doan ematen zien egitasmoa da KAS, pertsona horiek egunero gutxienez otordu duin bat izan dezaten. Baina Udalak galarazi egin die elkartasun ekintza horrekin jarraitzea. Herritarrek protesta jendetsuak egin dituzte erabaki horren aurka daudela erakusteko. Gerora, otordu beroak erosketako orgekin ordezkatu dituzte, ogitartekoak banatzeko. Donostiako Harrera Sareak ere elkartasuna kriminalizatzea leporatu dio Jon Insausti Donostiako alkateari.

7. HILBERRIAK
Euskal Herrian hainbat ekintzaile eta pertsona ezagun hil dira udan. Sabino Ormazabal ekintzailea, esaterako; ekologismoan, antimilitarismoan, desobedientzia zibilean eta indarkeriaren aurka aritu zen Ormazabal, eta Kristinaenea parkean egindako omenaldi batean agurtu zuten haren lagun eta senideek. Oihane Mateos EITBren albiste zerbitzu digitalen burua ere hil da, gaixotasun baten ondorioz. Kultur arloan, berriz, Tomas Soraluze Epelde trikitilaria eta Donostian Parte Zaharrean kantari aritzen zen Igor Jauregi Gartxot musikaria zendu dira.