Udari ongietorria, su gainean saltoka
Ane Insausti Barandiaran
1. ZER OSPATZEN DA EKAINAREN 23AN?
Ekainaren 23an ospatzen da San Juan bezperako gaua Euskal Herriko toki askotan. Udako solstizioarekin lotuta dago eguna. Izan ere, ekainaren 21ean, urteko egunik luzeena eta gaurik motzena izaten da. Jaia paganoa zen lehen, baina erlijio katolikoak, festa bereganatu, eta ekainaren 23ra atzeratu zuen, San Juan Bautista jaio omen zen egunera, hain zuzen.
2. NONDIK DATOR?
Esaten dutenez, jatorri zelta du ohiturak, eta eguzkia omentzeko ospatzen zen. Koldo Alijostes mitologian adituaren arabera, «historiaurrean konturatu zen giza- kia egun horretan ziklo aldaketa zegoela». Euskal mitologian ere eguzkiak garrantzi handia izan du, urteko uztarekin duen loturagatik: «Naturatik bizi izan da gizakia beti; beraz, eguzkiaren gorabeherak garrantzitsuak izan dira».
3. SUA ERDIGUNEAN
Sua eguzkiaren irudikapen gisa hartu izan da. Horregatik, herri askotan sua pizten da San Juan bezperako gauean, eta hainbat dantza egiten dira haren inguruan, hura omentzeko eta hari indarra emateko. «Sua birsortzearen eta garbitzearen sinboloa ere izan da», Alijostesen hitzetan. Horregatik, espiritu txarrak kanporatu eta onak ekartzeko, suaren gainetik hiru aldiz salto egin ohi zuen jendeak, «garbitzeko». Beste ohitura bat traste zaharrak erretzean datza, ziklo berri bati hasiera emateko.
4. ZER BESTE OHITURA DAUDE?
Ekainaren 23an bildutako lore sortak bedeinkatu egiten ziren, eta etxeko ateetan jartzen ziren, elorri zuriaren adarrekin ba- tera, etxea eta etxekoak babesteko. Ohitura asko mantendu ez arren, horiek oroitzea ondo dagoela uste du Alijostesek: «Zientifikoki funtsik izan ez arren gure historia delako».
Zuian, ihintza
Zuian, uste zuten gorputza San Juan goizeko ihintzarekin igurztea onuragarria zela larruazaleko gaixotasunak eta buruko minak saihesteko. Animaliak ere mendira eramaten zituzten, gaua pasatzera, ihintza hartzeko.
Herrietan, zuhaitza
Hainbat herritan, zuhaitz baten enborra jartzen da herriko plazan: maiatza. Alijostesek azaldu du jatorria: «Zuhaitza naturaren irudikapena da; beraz, uzta guztiaren ordezkari gisa jartzen da: uzta ona edukitzeko sinbolo bat da».
Zugarramurdin, akelarrea
Zugarramurdin (Nafarroa), suaz gain, herritarrek antzerki bat egin ohi dute, akelarre bat irudikatuz. Dena den, akelarreak elizaren «eraikuntza bat» direla gogorarazi du Alijostesek: «Herriko ospakizunak izango ziren, baina erlijio katolikoak esan zuen emaginak sorginak zirela, eta, deabruarekin lotu zituenez, irudi horrekin geratu da».
5. NOLA OSPATZEN DUTE GAINERAKO HERRIALDEETAN?
Euskal Herrian bezala, Europako herrialde askotan ospatzen da udako solstizioaren gaua. Besteak beste, Portugalen, Finlandian, Estonian, Danimarkan, Herrialde Katalanetan, Galesen, Espainian, Eskozian, Irlandan eta Ingalaterran ospatzen da. Tokian tokiko ohiturak daude:
BIELORRUSIA
Ivana Kupala izena du Bielorrusiako solstizioaren festak. Suaz gain, etxeak eta zelaiak babesteko eta uzta oparoa izateko erritualak egiten zituzten, eta belarrak eta loreak biltzen zituzten egun horretan bilduta sendagarriagoak izango zirelakoan. Gaur egun, besteak beste, belar eta lorez betetako koroak janzten dituzte.
SUEDIA
Suedian, udako solstizioarekin batera has- ten ditu jende gehienak bost asteko oporrak. Landa eremuan ospatu ohi dute Midsommar deitzen dioten ospakizuna. Jendea herri eta hirietatik landa eremuetara joaten da, eta Maypole edo maiatzeko zuhaitza zutik jartzen dute, haren inguruan dantza egiteko.
PARAGUAI
Paraguain, Judas Kai izeneko panpinak saltzen dituzte dendetan, sutara botatzeko. Panpina horiek urte osoan jendearen gustukoak izan ez diren pertsonaiak irudikatzen dituzte: politikariak, kirolariak, kazetariak... Erlijio katolikoaren arabera, Judasek traizio egin zion Jesusi, eta horregatik dira Judas Kai izeneko panpinak gorrotoarekin lotutako pertsonaiak.
Donostiako Intxaurrondon, intxaurrak
Donostiako Intxaurrondo auzoan, intxaurrekin lotutako ohitura bat zeukaten. Herritarrek San Juan bezperako gauean intxaur bat eramaten zuten sura, eta, hura jan ondoren, oskolaren erdia hartu, kezkak hari xuxurlatu, eta sutara botatzen zuten. Hala, kezka horiek desagertuko zirela sinesten zuten. Orain, ohitura hori berreskuratu nahian ari da auzoko Zulo Zahar Elkartea, eta San Joan San Joan, intxaur bi kolkoan ipuina argitaratu dute, haurrei ohitura zaharraren berri emateko.