Venezuelari eraso diote


Ane Insausti Barandiaran

1. ZER GERTATU DA?

Urtarrilaren 3an AEB Ameriketako Estatu Batuek Venezuelako zenbait eremu bonbardatu zituzten, eta Nicolas Maduro herrialdeko presidentea eta Cilia Flores haren emaztea bahitu, nazioarteko legedia hautsita. Gainera, bahiketaren irudiak zabaldu zituzten AEBek, hura ikuskizun bihurtuta. Arratsalde horretan bertan hitz egin zuen prentsaren aurrean Donald Trump AEBetako presidenteak, eta bertan esan zuen herrialdearen kontrola hartuko zutela AEBek, «trantsizio seguru bat» egin arte. Hala berretsi zuen egun batzuk geroago AEBetako Estatu idazkari Marco Rubiok ere, AEBen asmoa zein den azaldu zuenean: petrolioa AEBentzat izatea, eta Venezuelarako trantsizio bat bultzatzea.

2. NOLA ARGUDIATU DUTE ERASOA?

Narkotrafikoko sare baten buru izatea, hau da, droga trafikoaren parte izatea egotzi diote Madurori, eta baita «terrorismoa» ere. Dena den, interes gehiago daude horren atzean, eta hori argi geratu da hurrengo egunetan, Trumpek petrolioa izan baitu hizpide erasoaren ondoren. Izan ere, Venezuela da munduan petrolio erreserba handienetakoa duen herrialdea, eta negozio hori bereganatu nahi du Trumpek, bere herrialdearentzat dirua irabazteko.


3. ZER ESAN DU MADUROK?

Orkatiletan eskuburdinak jarrita eraman zituzten astelehenean Maduro eta Flores epailearen aurrera, eta biek ala biek esan zuten errugabeak direla, ez dutela leporatzen dieten deliturik egin. Oraindik Venezuelako presidente eta lehen dama gisa izendatu zuten beren burua. Hurrengo auzi saioa martxoan izango dute.


4. ZER HARREMAN DUTE BI HERRIALDEEK?

AEBen eta Venezuelaren arteko harremana aspaldian zegoen gaiztotuta, 1990eko hamarkadatik, Hugo Chavez Venezuelako presidente zen garaitik. Dena den, harremana okertuz joan da Maduro eta Trump agintera ailegatzearekin batera. 2018an, Madurok hauteskundeak irabazi zituen, baina AEBek ez zituzten onartu emaitza ofizialak, eta Juan Guaido oposizioko burua aitortu zuten presidentetzat, Maduroren aurkaria. Ondorioz, Madurok AEBekin harreman oro etetea erabaki zuen. 2024ko hauteskundeetan ere iruzur egin izana leporatu zioten Madurori.

5. NOLA ERANTZUN DU NAZIOARTEAK?

Errusiak eta Txinak irmo hitz egin zuten Maduroren aurkako erasoaren kontra. Errusiak, kasurako, «oinarririk gabeko» erasoa izan zela salatu zuen. Europako Batasunak, ordea, ez zion Madurori babesik adierazi: nazioarteko zuzenbidea eta arauak errespetatu behar direla esan zuen, baina ez zituen erasoak gaitzetsi, eta «moderazioa» eskatu zuen. Latinoamerikako hainbat herrialdek, berriz, erasoaren aurka egin zuten —Kuba, Brasil, Mexiko eta Kolonbiak, adibidez—, ulertu baitzuten aurrekari bat izan zitekeela eta haiek ere arriskuan daudela.


6. ZER GERTATU DA ONDOREN?

Madurok utzitako hutsunea betetzeko, Delcy Rodriguez izendatu zuten haren ordez presidente, jardunean. Rodriguezek AEBei «elkarrekin lan egiteko» deia egin zien. Trumpek, berriz, esan zuen berea dela herrialdearen kontrola, baina, era berean, oraingoz behintzat, ez du Rodriguezen aurka egin, eta baztertu egin du hauteskundeak egitea. «Lehenik herrialdea konpondu behar dugu, eta denbora beharko dugu», adierazi zuen. Era berean, horrek Venezuelako oposizioaren ilusioa zapuztu zuen, ez baitute AEBen babesik herrialdearen kontrola hartzeko.

7. INOIZ EGIN DUTE AEB-EK HALAKORIK?

Ez da AEBek horrelako zerbait egiten duten lehenbiziko aldia. 1989an ere inbaditu zuten Panama, Manuel Antonio Noriega agintari militarra bahituta. 2003an, berriz, Irak inbaditu zuten AEBek, Al-Qaedarekin harremana zuela eta «suntsipen masiboko armak» zituztela argudiatuta, nahiz eta ez duten sekula halakorik aurkitu. Horren ondoren hasi zen Irakeko gerra (2003-2011). Irakeko inbasioaz geroztik halako erasorik egin gabea zen herrialdea.

8. ETA GROENLANDIA?

Trumpek, azken hauteskundeak irabazi baino lehen, jada jakinarazi zuen Groenlandia bereganatzeko asmoa zuela, eta Venezuelako erasoak alertan jarri ditu Danimarka —Groenlandia Danimarkaren parte baita ofizialki—, eta baita Europako Batasuna ere: hurrengoa Groenlandia izango ote den beldur dira. Horregatik, Europako Batasuneko zazpi herrialdek adierazpen bat atera zuten uhartearen subiranotasuna defendatzeko, eta hori ezin dela urratu esateko. Washingtongo eta Kopenhageko ordezkariak asteon dira batzekoak.

top