Xakean parez pare
Ane Insausti Barandiaran
1. ZER DA?
Bi jokalari aurrez aurre jartzen dituen kirol bat da xakea. Karratu beltz eta zuridun taula batean jokatzen da: jokalari batek pieza beltzen ardura izaten du, eta besteak, berriz, pieza zuriena. Jokoaren helburua da norbere piezak erabiltzea aurkariaren erregea hiltzeko edo garaitzeko. Gaur egun, xakea munduko estrategia jokorik ezagunenetarikoa da, eta Munduko Txapelketa bat ere jokatzen dute kirol horretan. Hain justu, Hautagaien Torneoa asteon bukatu da; bertako irabazle Javokhir Sindarovek Gukesh Dommarajuren aurka jokatuko du Munduko Txapelketako finala. Euskal Herrian, asteburuan jokatu zuten Euskadiko Bakarkako Xake Txapelketa Absolutua, Legazpin (Gipuzkoa).
2. NOIZ SORTU ZUTEN?
Xakea non eta noiz sortu zen ez dago oso argi, baina Indian sortu zela dio teoriarik onartuenak. Chaturanga izeneko joko bat zuten han, VII. mendean, Gupta inperioaren garaian. Dena den, diotenez, xakea gaur egungo arauekin XV. mendearen amaieran sortu zen, Europan. Teoriak teoria, xakea mundu osora zabaldu zen, eta herrialde askotan jokatzen da gaur egun.

3. NOLA MUGITZEN DIRA PIEZAK?
Pieza bakoitzak mugimendu jakin batzuk soilik egin ditzake: peoiek gelaxka bakarra egin dezakete aurrera —hasieran, bi—; alfilak diagonalean mugitzen dira; zaldiak L bat eginez egiten dute aurrera eta atzera; dorreak horizontalean eta bertikalean soilik mugitu daitezke; erreginak edozein mugimendu egin dezake norabide guztietan eta nahi beste gelaxkatara, eta, erregea, berriz, edozein norabidetan mugi daiteke, baina gelaxka bat soilik.
4. ZER DA XAKE-MATEA?
Xake partida bateko amaierako posizioa da xake-matea. Jokalari batek beste jokalariaren erregeari eraso egin ondoren, hots, xake egin ondoren, erregea ez aurrera ez atzera geratzen da. Persieratik dator hitza, shah mat esapidetik, eta erregea harrapatuta dagoela edo ihesbiderik ez duela esan nahi du.
5. ZER ONURA DAKARTZA?
Estrategia joko bat da xakea, eta, nork bere jokaldia prestatzeaz gain, aurkariaren jokaldia ulertzen saiatzea ezinbestekoa da, hark ezustean ez harrapatzeko. Beraz, biak izan behar dira buruan: norberak egin nahi duena planifikatzea eta bestea egiten saiatzen ari dena ulertzea. Hainbat adituk diote jokoak hainbat onura dakartzala, baita haurrentzat ere: kontzentrazioa, memoria, logika, sormena eta erabakiak hartzeko gaitasunak lantzen dituzte xakean, besteak beste.
MARKEL LOPEZ, XAKE JOKALARIA

«Presiorik gabeko joko bat delako gustatzen zait xakea»
Larunbatean jokatu zuten Legazpin (Gipuzkoa) Euskadiko Xake txapelketa, bai helduek eta bai haurrek. Bosgarren postua lortu zuen Markel Lopezek (Legazpi, 2015), baina, emaitza gorabehera, pozik dago irabazten eta galtzen ikasten ari delako. Aitonak erakutsi zion xakean jokatzen, eta orain Santikutz xake taldeko kidea da.
Zer moduz joan zen larunbateko txapelketa?
Ondo, orokorrean ondo. Zazpi partida jokatu nituen. Normalean bi txapelketatan parte hartzen dut: bat izaten da Legazpiko festetan, eta, bestea, Egialde auzoko festetan. Baina Legazpin jokatu da Euskadiko txapelketa azken bi urteetan, eta parte hartzeko aukera izan dut.
Lehiatzean urduri jartzen zara?
Iaz pixka bat sufritu nuen. Irabaztea eta galtzea kudeatzea kostatu zitzaidan. Baina aurten hobeto eraman dut hori. Eta hori aurreko urtean postu hobea lortu nuela! Aurreko urtean hirugarren, eta aurten bosgarren. Egialdeko txapelketan lehen postua lortu nuen iaz.
Poza emango du horrek, ezta?
Bai, horrelakoetan bai. Baina oso exijentea naiz neure buruarekin, eta asko amorratzen naiz, lortzen dudan postua lortuta ere sentitzen dudalako ez dela nahikoa.
Nola entrenatzen zara xakean?
Ostiraletan egiten ditugu klaseak, Santikutz xake taldean. Bi taldetan banatzen gara, mailaren arabera. Estrategiak lantzen ditugu: joko motzak egin, posizioak ikasi, hasierak probatu, amaierak...
Noiz eta nola hasi zinen xakean jokatzen?
Duela lau urte. Nire aitona Joxe Marik erakutsi zidan, eta gero eman nuen izena taldean. Hasieran, aitonak irabazi egiten zidan, baina orain ez! [barrez].
Elkarren aurka jokatzen jarraitzen duzue?
Bai. Gainera, egunkarian eguneko problema etortzen da, eta erakutsi egiten dit. Soluzioa bilatzen saiatzen gara elkarrekin: hor aritzen gara borrokan.
Zer da xaketik gehien gustatzen zaizuna?
Presiorik gabeko joko bat dela. Kontzentratzen laguntzen dit, eta memoriarako ere ona dela esaten dute.
Joko zaila dela uste duzu?
Batzuetan bai, besteetan ez. Gauza batzuk automatikoki dakizkizu, eta ez duzu pentsatu behar. Baina beste batzuetan asko pentsatu behar duzu.
Beti taktika bera erabiltzen duzu?
Ni hasten ez banaiz, besteak egiten duenaren arabera jokatzen dut. Eta ni hasten banaiz, normalean, egun horretan dudan gogoaren arabera hasten dut jokaldia.
Zer esango zenieke oraindik ikasi ez dutenei, jokatzera animatzeko?
Hasieratik hasteko ikasten, zerbait sinpletik. Jokaldi aurreratuago bat ikusten badute, ez dute ulertuko.