Zesta-punta: xistera eskuan eta kaskoa buruan


Ane Insausti Barandiaran

1. ZER DA?

Pilotako modalitate bat da zesta-punta, munduan pilotarekin jokatzen den azkarrena: orduko 310 kilometroko abiadan dago ezarrita errekorra. Tantoak egiteko, puntistek frontisetik datorren pilota zumitzezko xistera batean sartu behar dute, eta berriro frontisera itzuli. Abiadura da kiroleko ezaugarri nabarmenena, Jon Zabala puntistak adierazi duenez: «Kirol bizkorra da; abiadurak ematen du atentzioa gehien. Ez da kirol erraza ikasteko, eta pazientzia handia eskatzen du. Baina behin apur bat martxa hartuta, kirol entretenitua da».

2. NON JOKATZEN DA?

Jai Alai izeneko frontoietan jokatzen da zesta-punta. Euskal Herrian ez ezik, munduko hainbat tokitan daude frontoiak, eta mundu guztian jokatu izan da zesta-puntan, askotan apustu giroari lotuta: Txinan, Egipton, Hego Amerikan, AEBetan, Filipinetan... Zabala bera, adibidez, Filipinetan jokatutakoa da, eta Euskal Herrira jokatzera ere etorri izan dira mundu osoko puntistak: «Zesta-punta oso garrantzitsua izan da euskara eta euskal kultura mundu guztian zabaltzeko. Horri esker, askok aukera eduki dute euskaldunak eta gure ohiturak ezagutzeko».


3. NOIZ IZAN ZUEN BEHERAKADA?

1988. urtean, puntistek grebara jo zuten AEBetan, beren baldintzak hobetzea eskatzeko. Hiru urtez iraun zuten protestek, 1991ra arte. Bitarte horretan, enpresek maila baxuagoko puntistak kontratatu zituzten apustuei eusteko, eta partiden kalitateak behera egin zuen. Horrek zesta-puntaren beherakada ekarri zuen, eta galtzen joan zen Jai Alaira joateko ohitura. Duela bost urte itxi zuten azken frontoi luzea AEBetan, eta puntistek plaza garrantzitsu bat galdu zuten horrela.

4. NOIZ IZAN ZUEN SUSPERRALDIA?

AEBetan izandako beherakadaren ondorioz, lehen Euskal Herrira udan soilik etortzen ziren jokalariak urte guztian etortzen hasi ziren, eta horrek aukera berriak zabaldu zituen Euskal Herriko zesta-puntaren munduan. ETBk Winter Series txapelketa sortu zuen Gernika-Lumon (Bizkaia), eta, horri esker, kirolak susperraldia izan du, Zabalaren arabera: «Inork ez genuen espero horrelako harrera ona edukiko zuenik. Lehen urtetik ikaragarria izan zen; jende asko hasi zen frontoira joaten. Hain bizkorra denez, zuzenean ikusiz gero harrapatu egiten zaitu». Ondorioz, zesta-puntako eskola berriak sortu dituzte, eta haurrak ere hasi dira zesta-puntan murgiltzen.


5. ZER DA ZESTA-PUNTA GUUK EXPERIENCE?

Jon Zabalak sortu zuen proiektua, 2023an, zesta-punta familiengana gerturatzeko. Eskola ibiltaria da, eta igandeetan egiten dituzte zesta-puntako erakustaldiak. Irailaren 20an Gasteizen egin zuten saio bat, 27an Uharten (Nafarroa), eta beste bi saio dituzte aurretik: igande honetan Donostiako Atano III.a pilotalekuan izango dira, eta urriaren 18an, berriz, Getxoko Andra Mari pilotalekuan (Bizkaia).

6. ZER EGITEN DUTE BERTAN?

Lehenik, zesta-puntari buruzko sarrera bat egiten dute. Gero, zesta-puntako erakustaldia ikusteko eta kirola probatzeko aukera izaten dute. Aurten, gainera, emakume puntistek kirol horretan duten ikusgaitasuna sustatu nahi izan dute, eta Maite Ortiz de Mendibil puntistak ere parte hartzen du saioetan —urrian munduko txapelketa jokatuko du—, Zabalarekin batera. Kirolaren etorkizuna bermatzeko, belaunaldi berriei kirol horrekiko grina transmititu nahi diete. Izena emateko jo helbide honetara.

7. ZER MATERIAL BEHAR DA?

Kaskoa eta xistera ezinbesteko tresnak dira zesta-puntan jokatu ahal izateko. Kaskoa burua babesteko da, eta xistera, berriz, pilota jaurtitzeko. Materialak lortzeko zailtasunak dituzte, Zabalaren hitzetan: «Xisteragileak galtzen joan dira. Zesta egitea zaila da; hura egiteko 24 ordu behar ditugu, baina egiten ikasteko lauzpabost urte behar dituzu: dena eskuz egiten da, forma eskuz ematen zaio, pilotari bakoitzak bere gustura egiten du...». Horregatik, kirolean aritzea errazteko, zesta-puntako eskoletan materiala uzten diete haurrei, eta zestak bertan egoten dira.


MAITE ORTIZ DE MENDIBIL. Puntista.

«Frontoian badago neskentzako lekua ere»


Nola hasi zinen zesta-puntan?

Nire nebak esku pilotan hasi nahi zuen, baina ordutegiagatik ezin izan zuen, eta zestan hasi zen. Egun batean frontoira joan nintzen, probatu nuen, eta gaur arte.

Gasteizko zesta eskolan hasi zinen, baina handik mugitu behar izan duzu gerora, ezta?

Bai, orduan Gasteizen neska bat edo bi gehiago aritzen ziren. Gero Hondarribiko eskolara pasatu nintzen; handik Donostiara, eta Donostiatik Zumaiara. Orain, Mutrikun daramatzat lau edo bost urte; hiruzpalau bagaude gure mailakoak.

Zerk erakartzen zaitu gehien?

Abiadurak, eta denak orokorrean. Horrelako material batekin kirola egitea oso ikusgarria da.

Munduko txapelketan jokatuko duzu urrian, Uruguain. Zer moduz zaude?

Pozik, eta joateko gogoz. Uda osoan egon gara frontoian, ordu asko sartzen, prestakuntza fisikoa egin dugu... Baina badakigu momentua ailegatzen denean urduri jarriko garela. Badakigu aurkari gogorrak ditugula, eta zaila izango dela urrea etxera eramatea. Baina saiatuko gara.


Nolatan animatu zinen Zesta-Punta Guuk Experience-n parte hartzera?

[Jon] Zabalak deitu zidan, galdetuz ea nahi nuen parte hartu bira honetan. Neska baten presentzia behar zuela, neska gazteek erreferente moduan edukitzeko. Horregatik esan nuen baietz; gazteek zestan jokatzen dela ikustea behar dugu, eta probatzera animatzea. Batez ere neskak.

Hain zuzen, emakume puntisten lekua nabarmendu nahi izan dute aurten. Bide bakartia da oraindik zuena?

Bai. Gutxi gara, eta neska gehiago etortzea behar dugu. Horretarako, horrelako ekitaldiak egin behar dira, haiek ere ikus dezaten frontoian badagoela neskentzako lekua ere. 

Zer esango zenieke zesta probatzera animatzeko?

Hasieran atzera bota zaitzakeen kirol bat da, ikusten duzulako pilota azkar doala. Baina probatzean, gustatu egiten zaie. Beraz, etor daitezela probatzera.

top