Arrautzesne edo natillak

Manex, Izaroren osaba, marinela da, baina Antton, Izaroren aita, arrantza-ontzi handi baten arduraduna. Lana dela eta, Izaroren aitak ez du asko ikusten alaba, baina aukera duen bakoitzean amorratzen egoten da alabarekin hitz egin eta kalean ibiltzeko. Alaba ere bai. Badaki «Ai, aitatxo!» esatea nahikoa duela aita lerdea dariola uzteko, eta nahi
duena lortzeko.

—Jango zenuke pasteltxo bat?... Nahi duzu freskagarririk?... Goazen izozki bat erostera... —esan ohi du aitatxok.

Aitarekin hirian paseatzea atsegin zaio Izarori, ondo pasatzen du eta badaki izango duela opariren bat. Anttonek esaten dio berak bi maitale dituela: alaba eta itsasoa.

—Eta ama? —galdetzen dio Izarok.

—Beno, zure ama ere asko maite dut, baina hori ez dago esan beharrik ere.

—Eta igarkizunak?

—Tira, igarkizunak ere bai, asko maite ditut, baina ez da gauza bera.

Ez, ez da gauza bera, baina Izaroren aitak ikaragarri maite ditu haiek ere. Beti ditu ezpainetan. Gaur ere esan dio bat, eta Izarok buruhauste handi samarra du hura asmatu ezinik.

Aita abeslaria dut, ama hitz-motza.
Azala zuri-zuria, gorria bihotza.

Eta Izarok ezin asmatu!

—Erraza da, neska. Begira, beste asmakizun bat gauza berari buruz:

Kutxa barruko damak, soinekoa zuria; bihotza, berriz, gorria. Zer da?

—Edo beste hau:

Kutxatxo zuri bat, ponpolin polita;
ni ireki nahi izanez gero,
alferrikakoa da giltza.

Gozotegi baten aurrean daude biak. Izaro begira-begira erakusleihokopastelei, burua airean, baina ezin asmatu igarkizunak.

—Aita oilarra da, eta egiten du: kukurruku! Beraz, aita abeslaria —esan dio aitak alabari–. Ama oiloa da, hitz-motza, hitz-motela, egiten baitu: ko-ko-ko, ko-ko-ro-ko! Beraz, zein da igarkizunaren erantzuna?

—Arrautza!

—Horixe, arrautza! Arrautzak kutxa txiki baten antzekoak dira, azala zuria izan ohi dute eta barruan gorringo gorria.

Izaroren aita konturatu da nora doan alabaren begirada, eta esan dio:

—Arrautza, irina, azukrea eta esnea. Lau osagai arrunt, baina zenbat jaki goxo egin daitezkeen horiekin! Pasteltxo bat?

—Ai, aitatxo! —esan du Izarok.


Pentsatu duzu inoiz zenbat jaki gozo egiten diren Izaroren aitak aipatutako lau osagai horiek erabiliz? Ezin dira zenbatu ere! Alde batetik hor daude opil itxurakoak: croissanta, esnezko opila edo suitzarra, palmerak eta hostorez egindako beste zenbait opiltxo gozo. Bestetik tartak eta bizkotxak ditugu. Eta ezin ahaztu pastelak eta haiek apaintzeko, betetzeko edo estaltzeko egiten diren kremak. Pastelgintzaren eta gozogintzaren historiak Izaroren aitak aipatutako lau osagai horiek ditu oinarri nagusi, eta zaila da sinesten hain osagai gutxirekin nola sor daitezkeen hainbeste jaki. Eta denak goxoak gainera!

Ez dago jakiterik zeinek asmatu zuen horietako bakoitza, eta oso zaila erabakitzea zein den guztietatik onena. Gure arbasoek asko maite zuten bat arrautzesnea zen, beste izen batekin natillak deitua. Arrautza, azukrea eta esnea ditu osagaiak eta galletekin edo karameluzko konfiteekin apaintzen zen. Zer goxoa!

ERREZETA • ARRAUTZESNE EDO NATILLAK

  • Litro bat esne.
  • Kanela-zotz bat.
  • Hamar gorringo.
  • 375 gramo azukre.

Bere horretan postre gozoa den arren, beste prestaketa batzuentzako oinarria ere bada arrautzesnea. Osagai gutxiko errezeta, bai, baina arretaz egin beharrekoa. Osagaiak pisatu, maria bainua prestatu eta postrerako arrautzesne gozo-gozoa prestatuko dugu.

1. Hasteko, esnea usaingozatu egingo dugu. Berotu esnea, eta bota kanela-zotza. Utzi eltzea estalita, bost minutuz.

2. Gaineratu azukrea, eta irabiatu.

3. Jarri ontzi bat maria bainuan. Bota gorringoak ontzira, eta irabiatu. Jarraitu irabiatzen, suabe-suabe, eta gehitu esnea, apurka. Dena nahasita dagoenean, jarri maria bainuan, eta jarraitu nahasten, nahasketa loditu arte.

4. Banatu katiluetan, eta jarri gaileta bat gainean. Utzi hozten.

MARRAZKIAK: EIDER EIBAR • IPUINA: TXILIKU • SUKALDE KONTUAK: MUGARITZ JATETXEA

top