'Macaroon'

Veneziako San Marko plaza dotorea gurutzatu, lehoitxoen plazara sartu (harrizko bi lehoi txikiren irudi daude han) eta etxe txiki batera iritsi ziren saltzailea, Izaro eta Fifi. Etxabean gorde zuen orgatila izozki-saltzaileak eta etxera gonbidatu zituen neskatoa eta loroa.

—Eseri hortxe —esan zien—. Oraintxe erakutsiko dizuet Veneziako mapa, eta, gero, hiriko leku ederrenak bisitatzera joango gara.

Gelako lurrean zabaldu zuen mapa handi bat eta hasi zen adierazpenak ematen.

—Hauxe da San Markoko plaza —esan zien—. Hemen San Markoren eliza, ezagutzen duzue; hau lehoitxoen plaza da, eta lauki txikitxo hau nire etxea. Erreka honen gainean dago hasperenen zubia, hori gurutzatzen zutenek epailearen zigorra jaso ondoren ziegatara joaten baitziren. Ibai hau Kanal Handia da, Venezia alde batetik bestera zeharkatzen duena, eta horko hori Rialtoko zubia...

Izozki-saltzailea jo eta ke ari zen maparen gainean hau eta hori eta beste hura erakutsiz Izarori, dena esplikatu nahian, baina Izarok gero eta kasu gutxiago egiten zion. Ikusten zuen italiarra hain pozik bere etxean eta neskatoa gero eta tristeago jartzen zen. Konturatu zen herrimina sartzen ari zitzaiola.

Urrutitik begiratuta Veneziako mapak arrain baten itxura dauka, eta hari begira, itsasoa etorri zaio burura Izarori, baina benetako itsasoak, ez Veneziako itsaso txiki hura, aintzira baten barruan dagoena eta noizbehinka San Marko plaza bustitzen duena.

Olatu handiko itsasoak, osaba Manexek eta aitak zeharkatzen dituzten zazpi itsaso famatuak.

—Ai, aitatxo —atera zitzaion Izarori bihotz-bihotzetik—. Ai, osaba! —gero, eta—, ai, amatxo —esan eta hasperen handi batekin amaitu zuen.

Fifi eta izozki-saltzailea begira geratu zitzaizkion.

—Zer duzu, umea? —galdetu zion saltzaileak.

—Hemen barrenean hutsune bat sentitzen dut —Izarok.

—Tori, gosearena bada honek beteko dizu; beste zerbaitek sortua bada, beste erremedio bat beharko duzu.

Izarok gustura jan zituen opil goxo haiek, baina ez zioten barruko hutsunea bete, eta, etxean egoteaz aspertuta irten zirenean, Veneziako edertasun guztiek ere ez. Orduan konturatu zen aspalditik zebilela herritik urrunduta, orain hemen, lehen Egipton eta aurrerago ez-dakit-non; eta aspertuta zegoela, herri-minez. Etxea botatzen zuen faltan. Fifiri etxera itzuli nahi zuela esatekotan zegoela, gondola bat hurbiltzen ikusi zuen bi etxe-ilara luzeren arteko kanal estuan. Urrutira ez zuen oso ondo ikusi, baina bere ondora zetorren neurrian, belarritako hura, bizartxoa...

—Hori nire osaba Manex da —esan zuen Izarok—. Osaba, osaba!


Jateko moduak ezberdinak izan ohi dira leku batean eta bestean, baina antzekotasunak ere agertu ohi dira behin baino gehiagotan. Italiarrak pasta jale amorratuak izan dira. Leku askotan, egunean bi edo hiru aldiz jaten omen zuten pasta, eta beti kontatu ohi da: «Guk pasta asko jaten dugu, baina halako herrikoek, horiek izugarriak dira... Gosaritan ere pasta jaten dute!». Esaterako, leku gutxitan prestatzen dira kolore beltzeko saltsak, baina, Euskal Herrian txibiak beren saltsan prestatzen diren legez, Venezian espagetiak prestatzen dira antzeko saltsa beltzarekin. Eta ez hori bakarrik. Bai han eta bai hemen oso famatuak dira almendraz edo amandaz egindako opil goxo batzuk. Italia osoan famatuak dira almendrarekin, arrautzaren zuringoarekin eta azukrearekin egindako opil goxoak. Mingots ukitua izan ohi dute, almendra gozoez gain almendra mingotsak ere izan ohi dituelako, eta zenbaitetan baita albertxikoen haziak ere. Horregatik deitzen zaie amaretti (mingotsak). Eta orain dator kontu bitxia. Euskal Herrian ere antzeko opil gozoak egiten dira. Azkoitian makarroi deitzen zaie; beste zenbait lekutan, macaron. Ez al da harritzeko kontua?

ERREZETA • 'MACAROON'

  • 200 gramo almendra irin.
  • 200 gramo azukre.
  • Bi zuringo.

Osagai ezberdinetatik abiatu, eta askotariko jakiak prestatzeko hamaika aukera dago sukaldean. Almendra, zuringo eta azukrearekin egiten dira macaron opiltxoak. Errenazimentu garaian sortu omen ziren, Venezian, eta gaur egun ospe handiena dutenak Parisen egiten dira. Kremaz beteriko bi gailetaz osaturiko opiltxoak dira macaron-ak. Gertuago ditugun makarroiak osagai berekin egiten dira, baina itxuran ez dute zerikusirik. Zenbait lekutan, macaroon esaten diete.

1. Nahasi almendra irina eta azukrea.

2. Bi zuringoak elur itxura hartzeraino harrotu behar ditugu ondoren. Elur itxura hartuta, gaineratu almendra irinaren eta azukrearen nahasketa. Ongi nahasi guztia.

3. Jarri laberako papera labeko erretiluan. Hartu aurrez egindako nahasketa zatitxo bat bi koilararekin, egin bolatxoak eta jarri erretiluan.

4. Jarri labea berotzen. Bero dagoenean, sartu erretilua, eta egin bolatxoak 180 gradutan, hogei minutuz.

5. Macaron eta macaroon osagai berekin eginiko gozoak dira. Oinarrizkoena eta errazena azaldutako hau izan daiteke. Beste batean ikasiko dugu askotariko kolore eta zaporetako macaron goxoak egiten.

MARRAZKIAK: EIDER EIBAR • IPUINA: J. M. OLAIZOLA 'TXILIKU' • SUKALDE KONTUAK: MUGARITZ JATETXEA

top