Arnasa orekatuz

Itsaso barean uhinen mugimendua orekatuagoa den bezala, lasai eta gustura gaudenean gure arnaskera ere baretu egiten da. Yogak arnaskera orekatzen erakutsiko digu pozik eta lasaiago bizitzen ikasteko.

PAUSOAK

  1. Lurrean eserita, belaunak tolestuko dituzu, orkatilekin batera, jarrera eroso eta egonkorra mantenduz. Bizkarrezurra zuzen eta erlaxatuta aldi berean. Sorbaldak, besoak eta eskuak ere erlaxatuko dituzu.
  2. Behatu orain zure arnasa, airea sudurretik nola sartu eta irteten den ohartuz. Jarraitu zure arnasaren ibilbideari, non hasi eta noraino iristen den.
  3. Arnasaren mugimendua hobeto nabaritzeko, jar ezazu esku bat sabelaren gainean, eta beste eskua bularrean, bihotzaren parean. Senti ezazu arnasaldi bakoitzean bular eta sabel ingurua nola zabaltzen diren, eta arnasa botatzen duzunean, aldiz, nola erlaxatzen diren. Behatu arnasaren mugimendu osoa, eta nabaritu itsasoko uhinen antzera orekatuta dagoen edo ez. Horrela ez balitz, lasai, jarraian orekatuko dugu eta.
  4. Arnasean arreta mantenduz, kontatu zenbat denbora behar duzun arnasa hartzeko eta zenbat arnasa botatzeko. Ondoren, har ezazu zenbatu duzun gutxieneko denbora. Adibidez, arnasa hartzeko garaian lau zenbakira arte kontatu baduzu eta arnasa botatzeko garaian hirura arte, har ezazu laburrena, hirukoa. Horrela, berdindu arnasa, eta hartu eta bota denbora berdinean.

Arnaskera hau 3-5 minutuz manten dezakezu, eta, poliki-poliki, arnasketa natural batera itzuliko zara.

Testua: Yoke Yoga klasiko elkartea.


top