Testua: Ana Galarraga
Zuhaitzak basoan bizi dira. Baso batzuek zuhaitz mota desberdinak izaten dituzte nahasian, eta, beste batzuek, berriz, batez ere mota jakin batekoak izaten dituzte: hariztiak batez ere haritzak ditu, pagadiak pagoak, eta artadiak arteak. Baina, zuhaitzez gain, beste bizilagun asko ere izaten dituzte.
Izan ere, basoak herriak bezalakoak dira. Herriek osasun etxea, eskola, udaletxea, dendak eta parkeak dituzten bezala, basoek bizilagun asko dituzte: animaliak, onddoak, landareak… eta zuhaitzak! Eta bizilagun bakoitzak egiten duen lanari esker dira basoak osasuntsuak eta emankorrak.
Zuhaitzak, adibidez, bizilagun askoren etxea dira. Babesa ematen diete katagorriei, txoriei, armiarmei eta bestelako zomorroei. Goroldioak, likenak eta huntzak ere gustura bizi dira zuhaitzen azalean, eta berdez janzten dituzte zuhaitz horien enborrak eta adarrak. Bitartean, lurrazpian, sustraiak luzatu eta adarkatu egiten dira, ur eta janari bila.
Zuhaitzek fruituak ematen dituzte, airea garbitzen dute, itzala ematen dute eta ura gordetzen dute. Eta lagunekin gorde-gordeka jolastean, ezkutaleku paregabea dira! Ba ote dago norbait zuhaitz horren atzean?