
Testua: OƱatiko natur eskola
Ugaztun belarjalea da behia, eta tamaina, kolore eta itxura desberdinetako behi arraza ugari daude. Behia emea da; arra, berriz, zezena. Eta beraien kumeari txahala deitzen diogu.
Belarjale bikaina da. Egunero laurogei kilo belar jan eta 50 litro ur edaten ditu. Belarra ahoan ongi xehatzen du, eta irentsi, behin eta berriz, urdaila belarrez bete arte. Ondoren, jandakoa digeritzeko, behiak hausnarrean egin behar du.
Zezenak behia ernaldu eta ia hamar hilabete geroago, txahala jaioko da. Txahal txikiak esnea edango du hainbat hilabetetan behiaren errapeetatik, eta azkar haziko da bere amaren babesean. Ugaztun guztiek bezala, behiak ez du esnerik ematen kumerik ez badauka.
Behi batek hogei eta berrogei litro esne bitartean eman ditzake egunero. Esnea elikagai osasuntsua eta bikaina da, eta gizakiek aspaldidanik erabili dute elikagai bezala. Bestalde, esnearekin beste hainbat elikagai ere egiten dituzte, adibidez, jogurtak, izozkiak, gurina eta gazta.
Munduko behi arraza guztiak antzinako behi basati edo uroetatik sortuak dira. Uro basatiak duela seiehun urte inguru desagertu ziren. Gaur egun Euskal Herrian badaude behi basatiak, betizuak deituak: txikiak, azkarrak eta gogorrak dira.