

Testua: Ana Galarraga
Fikziozko superheroiek guk ez dauzkagun gaitasunak dituzte: beste inor baino indartsuagoak edo azkarragoak dira, edo hegan egiten dute, edo gauez ikusten dute… Bada, naturan, superheroien pareko gaitasunak dituzte bizidun askok.
Adibidez, txibiak ingurunearekin hain ondo berdintzen dira, ezen ikusezinak bihurtzen dira. Beste animalia askok ere badute ahalmen hori. Guk ere hartuko genuke behin baino gehiagotan, ezta?
Beste batzuk ezkutuan dagoena ikusteko gai dira. Izan ere, ikusmen ultramorea dute. Horri esker, gure begiek atzematen ez dituzten gauzak ikus ditzakete: janaria, gustuko bikotekidea, baita etsaiak ere…
Gepardoak animaliarik azkarrena izateko ospea du. Inurriak, berriz, izugarri indartsuak dira, baina are indartsuagoak dira kakalardo pilotagileak: beren pisua halako mila jaso dezakete!
Gutako askok, hala ere, bi superbotere miresten ditugu gehien: arrainek bezala igeri egitea, eta txoriek bezala hegan. Arrain hegalariek biak egin ditzakete, baina haien hegaldia ezin da parekatu hegaztienarekin: sorbeltz arruntak hamar hilabete ere egin ditzake hegan, lurra ukitu ere egin gabe. Hori bai superboterea!