Burruntzia

Testua: OƱatiko natur eskola

Intsektu hegalaria da, gorputz luzea du, eta kolore askotakoa izan daiteke: urdina, berdea, horia eta baita gorria ere! Intsekturik azkarrenetakoa da, orduko 85 kilometroko abiadura har dezake.

Emeak putzuetan, lakuetan edo erreketan jartzen ditu arrautzak; hegorik gabeko burruntzi txikiak jaiotzen dira. Horiek sei urte pasatzen dute ur azpian, beste zomorro batzuk, zapaburuak eta arrain txikiak jaten.

Burruntzi larbak, handi egiten denean, landare batera igo, bertan itsatsi, eta metamorfosia egiten du. Gorputza luzatzen zaio, hegoak sortzen zaizkio, eta kolore biziak janzten ditu. Heldua uretatik kanpo biziko da hilabete gutxi batzuk. Denbora bitarte horretan ugaltzen da.

Burruntzi helduak ur inguruko euliak, eltxoak, erleak, tximeletak eta sitsak jaten ditu. Hegaz doala, buruarekin kolpe handi bat ematen die, eta hankekin harrapatzen ditu. Hori bai burugogorra!

Antzinako animalia bat da, dinosauroak baino zaharragoa. Gainera, aspaldiko garai haietan burruntzi batzuk oso handiak ziren: 70 zentimetro luze ziren hego punta batetik bestera.

DATUAK

  • Ezin da oinez ibili, hanka guztiak oso aurrean baititu.
  • Jende askok beldurra dio, baina lasai, ez du zizt egiten!
  • Sorgin-orratza burruntzien antzekoa da, baina gorputz fin eta lirainagoa izaten du.

top