Testua: Oñatiko Natura Eskola.
Hegazti txiki eta lodikotea, moko sendo eta gogorra duena. Kolore arrea da nabarmena txori honetan; goialdea arrea da, marroi iluna marra beltzekin, eta azpialde zuri-grisa. Arrak bularretik mokoraino doan orban beltza du, eta burugaina grisa. Emeak eta gazteak txikiagoak eta kolorez apalagoak dira.
Zer jaten du? Orojalea da, baina haziak eta ornogabeak hobesten ditu. Gure jarduerei estuki loturik dago elikatzeko, eta, herri bat bertan behera uzten bada, txolarreek ere gizakien atzetik herria uzten dute.
Ugalketa. Taldekoia eta zaratatsua da, eta apiriletik abuztura bitartean ugaltzen da. Urtean 3 errunaldi egin ditzake. 2-7 arrautza erruten ditu edozein eraikinetako zulotan: horma, teilape, farola… edo zikoina ala harrapari handi baten habiaren adarren artean.
Non bizi da? Gizakiaren laguntzaz ia mundu osora zabaldutako txori bat da, kontinente guztietan eta ozeanoetako ia irla guztietan bizi da. Baina mendikate garaietan, eskualde tropikaletan, basamortuetan eta iparraldeko latitudeetan urria da; Siberian, Txinan, Japonian eta Indonesian ez da ageri.
Etsai nagusiak. Azkeneko hamarkadetan, Europako eta gure hirietako txolarreek beherakada izugarria izan dute; Londres, Brusela, Anberes eta Hanburgon ia desagertu egin dira. Hirietako kutsadura, intsektizidak, hondakinetan oinarritutako elikadura eta abar dira txori hauen etsai nagusiak. Euskaraz 32 izenetik gora ditu! Dorretxori, artatxori, mokomotz, lapurtxori, patxizar, ttau ttau…
Nola da zuenean? Duela milaka urtetik gizakiokin bizi da, gure etxe eta eraikinetan.