Gorputza sendo, burua bizkor eta bihotza punpaka!


Testua: Ana Galarraga.

Kirola jolasa da, taldean edo bakarka egiten da, eta arau batzuen barruan egiten da. Kirol mota asko daude, eta bakoitzak bere arauak ditu, baina denetan izaten da gorputza trebatzeko eta hobetzeko asmoa.

Osasunerako oso mesedegarria da: bihotza eta odol zirkulazioa martxan jartzen ditu; muskuluak, birikak eta hezurrak indartzen ditu; koordinazioa eta malgutasuna hobetzen ditu; zentzumenak eta garuna bizkortzen ditu; eta ondo jaten, burua lasaitzen eta lo ondo egiten laguntzen du. Eta mundiala da betiko lagunekin ondo pasatzeko eta berriak ezagutzeko!


Edozein lekutan egin daiteke kirola: barruan, kanpoan, uretan, zelaian, frontoian, hondartzan, mendian, izotzetan… Eta edozein gorputz da aproposa kirola egiteko: txikiak, handiak, arinak, astunak, azkarrak, lasaiak…

Gainera, kirol egokitua ere badago, inor ez dadin kanpoan geratu. Adibidez, gurpil aulkian egiten den eslaloma oso ikusgarria da, eta kirol egokituko Joko Olinpikoak ere badaude: Paralinpiar Jokoak, hain zuzen.

Kirol batzuk besteak baino ospetsuagoak dira, baina, beti, norberari gehien gustatzen zaiona da aproposena norberarentzat. Zein da zure gustukoena?

top