Testua: Ana Galarraga.
Oso zabalduta dago mundua bitan banatzea: zuria eta beltza, mutilak eta neskak, zientziak eta letrak. Mundua, ordea, ez da hain zurruna. Hala, zientzia zenbakiekin lotzen den arren, letrak ere oso garrantzitsuak dira zientzian.
Letrak idatzizko hizkuntzaren oinarria dira. Euskarak nahikoa ditu hogeita zazpi letra idatzi nahi den guztia idazteko. Beste hizkuntza batzuetan, gurean ez dauden letra batzuk ere erabiltzen dira, eta euskarak ere bere egiten ditu hizkuntza horretako izenak idaztean, adibidez
.Euskarazko letrarik ohikoenak a eta i dira, eta e, r eta t datoz ondoren. Bestalde, oso gureak ditugu tx, ts eta tz bikoteak. Azkenik, asmatuko duzu zein den hiru letren elkarketarik ohikoena? Bada, kalkulu estatistikoen arabera, ez da bai, baizik eta eta.
Zientzian, letrak ekuazioetan erabiltzen dira, eta letra bakoitzak kontzeptu zientifiko bat ordezkatzen du, eta esanahi bera du hizkuntza guztietan. Adibidez, a azelerazioaren ikurra da, E energiarena, m masarena, eta c argiaren abiadurarena. Nolabait, zientziak bere hizkuntza propioa du, eta, hizkuntza horretan, zenbakiak ez ezik, letrak ere ezinbestekoak dira.