Zientzialari bat zirkuan

Testua: Ana Galarraga

Behin batean, zientzialari bat zirkura joan zen, tarte batez bere lana ahaztu nahian. Lortu al zuen? Ez noski! Izan ere, zientzia pila bat dago zirkuan!

Orekariak atera zirenean, adibidez, kalkuluak egiten hasi zen: zer altueratan zegoen kablea, zer zabalera ote zuen, zer luzera zeukan eskutan zeramaten makilak, zertaz zeuden eginak oinetakoen zolak… Dena zen zientzia!

Orekarien ondotik, malabaristen txanda izan zen. Eta antzera ibili zen zientzialaria: zenbat pilota jartzen zituzten airean aldi berean, zer altuera hartzen zuten, zenbat pisatuko ote zuten, zenbateko indarrez jaurti behar zituzten…

Magoarekin, berriz, ilusio optikoak igarri nahian ibili zen, jo eta su. Batzuk harrapatu zituen!

Eta ai! Pailazoekin ere, ezin lana alde batera utzi! Jendeak algara ozen noiz egiten zuen ikertzen aritu zen. Eta hauxe deskubritu zuen: arazoak eta lana alde batera uztea lortzen dugunean, orduan egiten dugu barre, lasai eta gogoz.

top