«Gure oroitzapenek gure bizimodua alda dezakete?»
Galderaren egileak: Oiartzungo Hau filosofia saioko haurrak.
Nik berandu ikasi nuen bizikletan. Txikitan lotsa pixka bat ematen zidan: nire adineko haur gehienek bazekiten ibiltzen, eta nik, ordea, ez.
Lehengusu-lehengusina batzuk saiatu ziren laguntzen, (Oiartzundik urruti ez dagoen) Nafarroako herri batean. Haien metodoa azalduko dizuet: malda piko baten hasierara eraman, bizikleta gainean jarri eta, bultzada batez, behera bota ninduten. Malda bukaeran erreka bat zegoen. Eta, detaile inportante bat: bizikletak ez zuen frenorik!
Ni negarrez nindoan maldan behera. Gero eta azkarrago, errekatik gero eta hurbilago. Ez naiz ongi oroitzen zenbat aldiz saiatu ginen. Halako batean, aski zela esan nuen. Egun hartan ere ez nuen bizikletan ibiltzen ikasi. Eta ia hamar urte bete arte ez nintzen gai izan.
Gaur egun, berriz, bizikleta egunero erabiltzen dut. Oroitzapenek gure bizimodua alda dezakete? Ez nago oso seguru… Baina malda piko batean behera noanean, atzamarrak haien kabuz mugitzen dira. Bizikletako frenoen bila, badaezpada ere.