«Zergatik batzuei ez zaie sumatzen gezurretan ari direnean?»


Liher. 8 urte. Bilbo.

Leku bitxia da mundua. Eta ez da beti bidezkoa. Pentsa, planetako hamabost pertsona aberatsenek daukate munduko biztanleriaren erdiak adina ondasun. Bestela esango dizut: aberatsenen poltsikoek ez dute zulorik; eta jende askorenak, aldiz, zuloz josiak daude!

Dirua bezala, susmoa dut abilidade batzuk ere ez daudela modu justuan banatuak. Batzuek gezurra esaten badakite; lasai ederrean, gainera! Eta beste batzuei, berriz, egiatik milimetro erdi bat desbideratu orduko… sudurra luzatzen zaie Pinotxoren bikia balira bezala.

Batzuk —ez zu eta ez ni, noski— oso onak dira ziriak sartzen. Halako espezialistak ezagutu izan ditut eskolako patioan, lagun kuadrillan, gurasoen artean... Gai dira, zuk diozun bezala, gezur potolo bat botatzeko begi-kliskarik ere egin gabe!

Liher, inoiz entzun duzu gezurrak hanka motzak dituela? Gezurra korrika hasten da, besteak aho-zabalik utzi nahian. Baina estropezu egiten du bidean, eta ez da urrun iristen. Ez, behintzat, lagunen artean.

Ezta munduko aberatsena izanda ere!

top