«Zenbat aldiz idatzi behar duzu istorio bat ondo egon arte?»
Arrankudiaga herri eskola, LH3ko eta LH4ko ikasleak.
Zenbat aldiz? Bada, nahi baino gehiagotan eta behar baino gutxiagotan. Izan ere, batzuek uste dutenaren kontra, ez da idazketa idazle egiten zaituena… berridazketa baizik!
Baina ez pentsa hori idazleon kontua denik bakarrik. Gure txoko hau ederki ilustratzen duen Kaietek hainbat zirriborro egiten ditu galdera-erantzun bakoitzeko. Sinetsidazue: ez bat, ez bi eta ez hiru (nirekin partekatzen ditu horiek guztiak: Mantangorrin idaztearen beste plazer bat).
Eta zirriborroak ez dira mahai gainean soilik sortzen. Begira, adibidez, zuen herritik pasatzen den Nerbioi ibaia: egunero-egunero berridazten du uraren bidea. Zizelkatzen du lurra hemen, leuntzen du harri bat han, marrazten du bihurgune bat hor... behin eta berriz. Eta hala egingo ez balu, ibai izateari utziko lioke.
Idazleok ez gara temati bakarrak, beraz. Nerbioik egunero berridazten du bere bidea, eta inork ez dio esaten: «Hi, Nerbioi, ez al haiz dagoeneko nekatu hemendik pasatzeaz?».