«Zergatik da desberdina batzuen eta besteen begi kolorea?»
Galderaren egilea: Ondarroako Zubi Zahar ikastolako 6. maila
Inoiz entzun duzue begiak arimaren ispiluak direla? Eta begiek ez dutela gezurrik esaten? Bada, nik esango dizuet aurpegian ditugun bi biribiltxoek badakitela sekretuak gordetzen…
Eta lehen sekretua melanina da, begiko irisean dugun pigmentua. Eguzkiaren argiaren aurkako babes natural moduko bat da: melanina gehiago badugu, begiek kolore ilunagoa hartzen dute; gutxiago badugu, berriz, argiagoak izaten dira.
Baina naturak jolastea maite du. Eta batzuetan, gure begien koloreak margotzeko orduan, pinturak nahasten ditu (nahita, noski!). Badira, esaterako, begi bat urdina eta bestea marroia duten pertsonak. Baita begi berean kolore bat baino gehiago dutenak ere! Hori bai begirada berezia, ezta?
Eta hona azken sekretua, kostaldeko lagunok: Bihotz-begietan izeneko liburu bat idatzi zuen Xabier Lizardik. Beraz, begiak ez omen dira aurpegian bakarrik bizi. Baina kontuz: bihotzaren begiak ere miopiak jota egon daitezke!