«Zergatik egin ditzakete helduek haurrek egin ezin dituzten gauzak?»
Gasteizko Lopez de Gereñu Ikastetxeko jantokitik, 5 urteko neskatxa baten ahotan:
Sentitzen dut erantzun hau ematea, gereñutarrok: helduek gauza horiek egin ditzakete, hain zuzen ere, helduak direlako. Imajinatzen dut zer pentsatzen ari zareten orain: mundua ez dela oso justua, eta arauak ezberdinak direla haurrentzat eta helduentzat.
Baina bada kontu bitxi bat, eta jakin behar duzue: heldu asko ez daude gustura heldu izatearekin. Haietako askok diote haurtzarora itzuliko liratekeela poz-pozik, orduan egiten zituzten gauzak egitera. Ez dakit, bada, mundua ongi egina dagoen… haurrak heldu izan nahian, eta helduak, berriz, haur!
Begira Pippi Kaltzaluzek zer egiten zuen. Espaloian atzeraka ibiltzen zen bere etxera itzultzeko. Zergatik? Hargatik. Berak nahi zuelako. Egipton hala egiten dutelako. Eta, herri libre batean, horrek inori minik ematen ez diolako. Eta gehiago ere esaten zuen Pippik: Indotxinan, pertsona guztiak eskuen gainean ibiltzen dira!
Aizue, zuek uste duzue heldu bat ausartuko dela hala ibiltzera Euskal Herrian?