«Zergatik existitzen dira eltxoak?»


Sasoeta-Zumaburu ikastetxeko LH5eko ikasleak, Lasarte-Oria.

«Eta zergatik ez?», galdetuko luke agian eltxo batek. «Aizu, guk ere badugu bizitzeko eskubidea, ezta?».

Gizakion artean ez dute ospe onik. Ahal dutenean, zizt! Eta odola zurrupatu. Ai, zeinen amorragarria den gauaren isiltasunean bzzzzzz... bzzzzzz... entzutea belarri ondoan! Dena den, berriki ikasi dut gauza harrigarri bat: eltxo guztiak ez dira odolzaleak. Izan ere, gure odoleko proteina behar dutenak espezie batzuetako emeak baino ez dira, eta horiek arrautzak egiteko garaian soilik egiten dute.

Gainerakoan, eltxoen beren bizitza egiten dute: lorez lore ibili, txorien eta saguzarren afari bihurtu, gure esku-zapladak saihestu... Inori banpiro musurik eman gabe. Baina alferrik. Guk denak sailkatzen ditugu modu berberean. Munduko eltxo guztiak berdin-berdinak balira bezala.

Ez ninduke batere harrituko eltxoren batek noizbait galdera hau bidaltzeak Mantangorrira: «Zergatik sartzen gaituzue gizakiok zaku berean?».

top