«Zergatik gara denok desberdinak?»
Galderaren egilea: Malen. 9 urte. Armentia ikastola.
Zientziak dio guraso biologikoek gene batzuk uzten dizkigutela herentzian. Munduak, bizi garen lekuaren eta moduaren arabera, beste kontu batzuk ematen dizkigu. Horregatik partekatzen ditugu pertsonok ezaugarri batzuk, eta antzekotasunak izaten ditugu gure artean. Hala eta guztiz ere, Malen, arrazoi duzu: ez daude bi pertsona berdin-berdin planeta osoan.
Eta eskerrak! Bestela, mundua aspergarri mortala litzateke eta! Imajinatu denok berdin bihurtzeko botoia asmatu duela norbaitek. Hasieran, segur aski, primeran: ez dago eztabaidarik, ez desadostasunik, ez «nik hau nahi dut eta zuk hura». Baina, hortik aurrera, zer? Zer gertatuko litzateke, adibidez, zapore bakarreko pizza jango bagenu?
Eta aspergarria ez ezik, arriskutsua ere izan liteke! Imajinatu semaforo guztiak berde jarriko balira aldi berean. Edo, askoz okerragoa litzatekeena: denok batera pixa egiteko beharra izango bagenu?
Ufa! Imajinatu hutsak komunera lasterka joateko gogoa eman dit!