Zergatik geratzen dira abesti batzuk buruan?
Irati. 5 urte (baina laster 6!). Barañain.
Nik ere jakin nahiko nuke erantzuna, bi-ba-bu-ba, bi-ba-bu-ba. Ez pentsatu nik asmatu dudanik buruan bueltaka dudan errepika hau: bi-ba-bu-ba, bi-ba-bu-ba. Uste dut, zuri gertatzen zaizun bezala, niri ere abesti batzuk gelditzen zaizkidala jira eta bira, buelta eta errebuelta.
Badakizu nola esaten dioten zientzialariek horri? Buruko zomorroa! Belarrietatik sartzen den musika itsaskorrarekin hazten da. Lelo laburrak eta errazak maite ditu, behin eta berriz errepikatzeko aproposak: bi-ba-bu-ba, bi-ba-bu-ba. Eta behin buruan dugula, kantan eta dantzan aritzen da, alde egiteko presarik gabe.
Baina bada trikimailu bat, Irati. Niri bereziki gustatzen zaidana: txiklearena. Murtx-murtx. Murtx-murtx. Ahoa lanean hasten denean, zomorroak pentsatzen du: «Hara! Hemen beste musika bat dago». Eta tipili-tapala, isil-isilik, maletatxoa hartu eta badoa.
Bai, behintzat, hurrengo bi-ba-bu-ba kili-kili hasi arte belarrian.