«Zergatik helduek ez daukate denborarik?»
Istorio bat kontatuko dizut: goroldioarena. Behin batean, gizakiez gain, animalia eta landare guztiek hitz egiten omen zuten. Goroldioa bakarra omen zen hizketan ez zekiena, motela zelako eta lurrean itsatsita bizi zelako. Egoera ikusita, gainerako izakiak saiatu ziren goroldioari hizketan irakasten: txoriak kantuka, haizea xuxurlaka, behiak marrumaka… baina alferrik. Ez zegoen modurik! Azkenean, goroldioak ikasi ez eta beste guztiek galdu zuten solaserako gaitasuna. Gizakiek izan ezik.
Bada, uste dut antzeko zerbait gertatzen dela helduon denborarekin. Txikitan denbora izan genuen jolasteko, lasai egoteko, bihurrikeria bat edo beste egiteko… baina, gero, heldu bihurtzean, egin behar diren gauzak egiteko, hasten gara denborarik ez izaten. Lana dela. Eginbeharrak direla. Eta abar. Hala, goroldioa bezalatsu, helduok arriskua izaten dugu moteltzeko. Itsatsita gelditzeko. Eta, azkenik, denborarik ere ez izateko.
Aizu, agian nik ere gogoratu beharko diot neure buruari noizean behin: «Edutxo, ez hadi goroldiotu!».