Elurra txir-txir
1. ARRAIN ERREA SAGARRAREKIN
Lumari ez zitzaizkion gutunak iristen ez zuelako helbiderik. Elurra besterik ez zegoen paraje batean bizi zen, eta postariak galdu egiten ziren haren etxea aurkitu baino lehen.
Luma bakarrik bizi zen, baina, tarteka, bisitariren bat agertzen zen. Aurpegia alaitzen zitzaion horrelakoetan Lumari, ez zuelako maite bakarrik egotea.
Egun batean, neska mehe eta luze bat agertu zen Luma arrantzan zegoela. Zulo bat egina zuen Lumak izotzean, eta azpian uraren uhinak ikus zitezkeen. Zain geratu ziren biak denbora luzez, baina ez zen ezer gertatzen. Neska, orduan, ez zegoenez ohituta horren eguraldi hotzera, doministikuka hasi zen. Luma kexatu zen orduan:
—Doministikuka jarraitzen baduzu, izokinak uxatu egingo dituzu, eta ez dugu ezer arrantzatuko.
Neskari aurpegia ilundu zitzaion, eta iruditu zitzaion negarrez hasiko zela, nahiz eta negarrez hasi ez.
Lumak, aurpegiak irakurtzen liburuak irakurtzen baino trebeagoa zenez, galdetu egin zion:
—Ez duzu inor etxean afaltzeko zain? Hemen geratu nahi al duzu?
Horrela ezagutu zuren elkar Malutak eta Lumak. Egun hartan ez zuten ezer arrantzatu, baina afari goxoa prestatu zuen Lumak: bezperan arrantzatutako arrain errea sagarrekin, Malutak sakelan ekarritakoak.

2. BUFANDA MORE BAT
Lumak, txanodun beroki lodi bat zeramanez, ez zuen hotza sumatu ere egiten kalean zegoenean. Malutak, ordea, eskuak sakelan zituen aire zabalean zeuden denbora guztian: ez zeukan eskularrurik.
—Hemen geratu nahi baduzu, eskuzorro parea beharko duzu.
—Eta bufanda bat, ahal bada —erantzun zuen Malutak.
Esan eta egin. Bi lagun berriak, erraketak jantzi, eta herrira abiatu ziren artilea erostera. Iparraldeko haizeak bultzatuta iritsi ziren denda atariraino, galdu gabe.
Denda handi batera joan ziren, denetatik zeukana: jatekoak, edatekoak, janztekoak, garbitzekoak…
—Bizitzeko behar den guztia dago hemen! —esan zuen Malutak orduan.
Dendaria kutxen artean agertu zen irribarretsu, eta gehitu zuen:
—Bizitzeko behar den guztia hemen saltzen da, bai, baina saltzen ez dugunarengatik gara gu ezagunak eta maitatuak. Denda honetan hobekien egiten duguna entzutea da. Gauza erraza ematen du, baina jendea lanpetuegia egoten da besteen kontuak aditzeko. Guk horren ondo entzuten badakigu… lotsatienek ere kontuak esaten dizkigute. Eta ez dugu ezer kobratzen entzuteagatik.
Luma eta Maluta dendatik atera ziren artile-matazekin, denak moreak, eta bi galtzorratzekin.

3. KOLORETAKO ETXEAK
Lumaren auzoan etxeak koloretakoak ziren. Lumarena gorria zen, eta ondoan hauek zituen: ezker, etxetxo urdin bat, eta eskuin, etxola berde bat. Alabaina, jabeek ez zioten elkarri hitzik egiten. Urteak zeramatzaten batak bestea saihesten. Ezkerreko bizilagunak atariko elurra kentzen zuenean, eskuinekoak atzeko aldeko leihoak garbitzen zituen; eta eskuineko bizilaguna lera hartu eta erosketak egitera joaten zenean, ezkerrekoa arrantzara joaten zen. Urteak ziren ez zutela elkar topatzen.
Lumak ez zekien zer egin, nola jokatu, inoiz ezin zutelako hirurek ezer egin elkarrekin, eta bere lagun berriari kontatu zion egoera. Malutak, orduan, gauza erraz bat egin zuen, ordura arte inor egitera ausartu ez zena: banan-banan galdetu zien zergatik zeuden haserre; eta ea prest al zeuden adiskidetzeko.
Ez bata ez bestea ez ziren ondo akordatzen zergatik haserretu ziren, aspaldiko kontua baitzen hura, gazte denborakoa.
Maluta bere gurasoekin akordatu zen. Sesioa izaten zuten maiz, baina Malutak ez zekien zer egin bere gurasoak baketzeko. Aitak beti esaten zion helduen kontuetan ez sartzeko. Helduen kontuak beti dira zailak eta ulertezinak. Horregatik erabaki zuen Malutak bere puskak motxilan hartu eta iparralderantz abiatzea.

4. ELUR LOREA
Luma berehala konturatu zen Maluta triste antzean zegoela. Horregatik mendi puntara igo eta leran jaistea proposatu zion. Lera soka bati lotu eta aldapan gora abiatu ziren bi lagunak. Gailurrera iritsi zirenean, ordea, Maluta beldurtu egin zen: aldapa handia zen oso, eta beheko aldean harri handi bat zegoen. Harkaitzaren kontra jotzeko beldurra zuen. Maluta azal zurikoa zen, baina beldurrarekin are zuriagoa ematen zuen. Elur-lorea ematen zuen.
Ohartu gabe, ilundu egin zuen. Argi bakarra izarrena zen.
—Izarrak zuloak dira zeruan, eta dagoeneko hil diren pertsona maiteen argia pasatzen uzten dute, behetik jakin dezagun zoriontsuak direla— esan zuen Lumak.
Baina Maluta beldurrez zegoen, eta ezin zuen zeruaren edertasuna ikusi ere egin. Lumak orduan, besteen arazoak bereak baino askoz errazago konpontzen bazekienak, erabaki zuen oinez jaistea etxera eta beste baterako uztea leran ibiltzearena:
—Bideak beldur ematen badizu, onena izango da bidez aldatzea— esan zuen Lumak, pena pixka batekin.Hortaz, egun hartan bi lagunek ez zuten leran egin etxerako bidaia.
Elurra txirtxirka ari zuen bi lagunak etxean sartu zirenean.

5. AMETS SEKRETUAK
Maluta da inguruko lore bakarra. Hemen ez dago ez lorategirik ezta parkerik ere. Haurrek jolasteko tokiak kiroldegi itxiak dira, hotza handiegia delako aire zabalean egoteko.
Hemen ez dago muxurik, edo, ez behintzat, Malutaren herrian ematen diren muxuen gisakoak. Hemen elkar maite dutenek beren sudurrak hurbiltzen dituzte, ia ukitzeraino, eta elkarren usaina aditzen dute. Malutari ez zaio muxuak jasotzea gustatzen, are gutxiago ematea. Besarkadak bai maite ditu, ordea. Gaur amets egin du hartz zuri batek estu-estu besarkatzen zuela bere ile tartean desagertzen zen arte. Lumak esnatu du, bat-batean. Esan dio txango bat egingo dutela urrutira, hartz zuriak eta karibuak bizi diren parajeetara.
Lumak ere amets egiten du tarteka. Bere ametsa da ur epeletan bainatzea noizbait. Baina Lumak badaki oso urruti daudela herrialde beroagoak. Ez du bere ametsa beteko delako esperantzarik.
Lumak ez dio bere ametsa inori kontatu. Sekretuak ez dira kontatzeko, baina ametsak kontatzeko al dira? Galdera hori egin dio Lumak bere buruari ez dakielako nori galdetu gauza horiek. Gauza inportanteak, alegia. Luma, horrelakoetan, bakarrik sentitzen da, burua estutzen dioten gauzak ez dakielako nori esan.

6. HAIZEAREN ZIMIKOA AURPEGIAN
Ematen du Luma beti dagoela pozik bere begiak ilunak eta arrailduak direlako. Beti ez dago kontentu, ordea; batzuetan bakarrik sentitzen da, eta uzkurtu egiten zaio bihotza. Orduan Fits lerara soka batez lotu, eta paseatzera ateratzen da. Fits herrian geratzen den lera-txakur gutxietako bat da. Ez dauka jaberik, baina beti dago bere ile sarria orraztuko dion norbait.
Ziztu bizian doaz, mantapean. Haizeak zimiko egiten die aurpegian, eta gorritu egiten zaizkio matrailak Malutari.
—Hara! Karibu bat!— Gaztigatu dio Lumak Malutari.Baina karibuak leraren firfira egiten entzun duenean ihes egin du ezkutaleku baten bila.
—Begira! Hatz zuri bat!— Oihu egin du Malutak, baina ez daki seguru hartz zuria den edo beste zerbait.
Geratu egin dira badaezpada, baina ez da ezer sumatzen. Entzuten den bakarra elurra da, txirtxirka. Ez dago hartz zuriaren arrastorik. Neskak ez dira konturatu, baina elur-hontza da inguruan dagoen animalia bakarra; baina, zuria denez, erdi estalita dago, peskizan. Lumak ez daki, baina iritsi zen egunetik dauka elur-hontza inguruan, zaindari.
Leher eginda iritsi dira bi lagunak txangotik eta Malutari pentsamendu tristeak etortzen zaizkio burutara nekatuta dagoenean. Eta nori ez?

7. EGUNEN BATEAN EZ DU ELURRIK BOTAKO
Maluta iritsi denez geroztik ez dute ez hartzik ezta kariburik ikusi. Horregatik erabaki dute ur bazterrera joatea itsas txakurrak ikustera. Isil-isilik doaz: haien arnasa eta boten azpiko elurraren karraska besterik ez da entzuten.
Bidera Malo agertu zaie.
—Nora zoazte, neskak?— Galdetu die andre zaharrak, jakin-minez.
—Itsas txakurrak ikustera goaz. Atzo karibuak eta hartz zuriak ikustera joan ginen, baina ez genuen bakar bat ere ikusi. Ea gaur zorteak laguntzen digun!
—Ez da zorte kontua. Garai batean hamaika karibu ikus zitekeen paraje hauetan, eta hartz zuri pila bat ere bai, baina desagertzen ari dira, beroa ez dutelako maite. Eta hemen neguak gero eta epelagoak dira, eta udak, beroagoak. Egunen batean ez du elurrik botako —erantzun die andre adinduak atsekabetuta.
Malok azken hitza esandakoan karraskada bat entzun da urrutian. Izotz bloke bat askatu da, eta uretara erori.
—Ikusten? Ura gero eta beroago dago. Garai batean lasai-lasai ibiltzen ginen izotz gainean, baina orain arriskutsua da oso. Horregatik ez da komeni izotz gainean bakarrik ibiltzea. Arriskua dago izotza zartatu eta ur hotzetara erortzeko.
Ez dute gertutik itsas txakurrik ikusi ahal izan. Hegazkin baten zaratak uxatu ditu denak.

8. ELURRAK EZABATU DUENEAN ITZULERAKO BIDEA
Maluta nahi baino gehiago akordatzen da gurasoekin. Askotan daude lanpetuta, haserre eta nekatuta, baina Malutak faltan botatzen ditu, hala ere.
Maluta etxetik alde egin zuen egunaz ere akordatzen da. Hasieran pentsatu zuen gurasoak bila etorriko zitzaizkiola. Inor ez zen joan Malutaren bila, ordea.
Elurrak ezabatu zuen itzulerako bidea.
Gau batean, haizeak mututu egin zituen etxeko soinuak. Ez zen entzuten erlojuaren tiktaka, hozkailuaren marmarra, berogailuaren klaskada eta txorrotaren tttarttarra. Gau hartan denak lo zeuden, elur-hontza eta Maluta izan ezik. Izan ere, tristurak ez du loak hartzen, eta ez du loak hartzen uzten.
Haize boladak hizketan ari zitzaizkiola iruditu zitzaion Malutari:
—Maluuuuuuuuuuuutaaaaaaaaaaaa!
Belarriak estali zituen tapakiarekin, baina tximiniako zulotik bere izena sartzen zen:
—Maluuuuuuuuuuuutaaaaaaaaaaaa!
Burukoa hartu zuen bi eskuekin eta buru gainean jarri zuen. Hala ere, leihoen zirrikituetatik haize ufadek bere izena zekarten:
—Maluuuuuuuuuuuutaaaaaaaaaaaa!
Maluta ohetik salto batean altxatu zen bere gurasoen ahotsa entzun zuenean. Lumak utzitako etxeko zapatilak jantzi zituen eta prestatu zen besarkada luzeetan luzeena emateko.
Elurra txirtxirka ari zuen Malutaren gurasoak Lumaren etxean sartu zirenean.
