Baserritarrak haserre, Jaurlaritzak azokak debekatu dituelako

EHNEk uste du Jaurlaritzak ez duela eskumenik salmenta zuzeneko eremuak debekatzeko. "Erabaki tamalgarria», Enbaren ustez

Herritarren ilada Ordiziako azokan, itxialdiaren hasieran. JON URBE/ FOKU
Iker Aranburu.
2020ko apirilaren 8a
16:21
Entzun

Osasun larrialdiak iraun bitartean herrietan elikagai azokak egitea debekatu du Eusko Jaurlaritzak. Erabakia oso gogor salatu dute nekazaritza arloko sindikatuek, esan baitute zuzeneko salmenta egitea galarazten dietela horrela Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako baserritarrei, noiz eta Gasteizko gobernua bertako produktuak kontsumitzeko deia egiten ari den honetan.

«Aski da!», azaldu du Gipuzkoako EHNEk. «Zertara dator azokekiko horrelako tema?», galdetu dio Jaurlaritzari. «Baserritarrok gure produktuak saltzetik bizi gara. Egoera dagoeneko zaila baldin bada, ulergaitza da beste oztopo bat jartzeko tema hori».

Gainera, sindikatu horrek uste du Jaurlaritzak ez duela eskumenik halako erabaki bat hartzeko-: «Azokak udal eskumena dira, eta osasun neurriak, une honetan, estatuaren eskumena». Horrela, gogorarazi du azken asteetan baserritarren azokak egin ahal izan dituztela hainbat herritan, «higiene eta protokolo zehatzek agindu bezala». Eskerrak eman dizkie Ordiziako, Villabonako eta Zumarragako udalei, «gauzak nola egin» erakutsi dutelako. Ziurtatu duenez, Katalunian eta beste lurralde batzuetan baimentzen dituzte janari azokak. 

Baserritarrentzat azokak ezinbestekoak direla nabarmendu du Gipuzkoako EHNEk, eta tokian tokiko ekonomiarentzat oso mesedegarriak direla. «Azokak, salmenta zuzenak, herrietako elikagai denda txikiak bertako produktuak komertzializatzen direla bermatzen duten guneak dira. Horiek denak tokiko ekonomika indartzen dute, baita herritarren lanpostuak ere».

«Ulertezina eta tamalgarria»

Antzeko kritikak egin ditu Enba Euskal Nekazarien Batasunak ere. «Erabakia ulertezina eta tamalgarria da, bai azoketara joaten diren baserritarrentzat eta kontsumitzaileentzat, baita azokak elikagaiak erosteko gune gisa defendatzen ditugun ororentzat ere».

Alarma egoera amaitu eta azokak zabaltzeko debekua kentzen denerako Jaurlaritzak jarritako baldintza «onartezinak» ere salatu ditu Enbak. Horrela, pasabide batek banatu beharko ditu postuak, eta sei metro egon beharko dira postutik postura. Gainera, postu baten barruan, saltzaileek gutxienez bi metroko tartea gorde beharko dute beren artean, eta, lekurik ez dagoenean, bakar batek egin ahal izango du lan. Bezeroei dagokienez, gutxienez bi metroko tartea izan beharko da baten eta bestearen artean. Neurri horiek gehiegizkoak direla uste du Enbak, eta «kinka larrian» jarriko dituztela azokak.

Sindikatu horrek ziurtatu du koordinazioa falta dela Jaurlaritzaren barruan, Osasun Sailak azokak debekatu dituen egun berean Merkataritza Sailak merkatuak eta bertako produktuak babesteko kanpaina bat hasi duelako, «hitzez hitz, elikagai fresko eta bertakoez hornitzeko guneek betetzen duten tokia aldarrikatuz».

Eroskiren ekinaldia

Elorrioko kooperatibak iragarri du azokak galdu dituzten baserritarretako batzuek aukera izango dutela Eroskiren bitartez saltzeko beren produktuak. Harakai kooperatibak merkaturatutako arkumeak salduko ditu, eta bere barazki hornitzaile nagusiekin akordio bat lortu du inguruko ekoizle txikien produktuak ere bil ditzaten.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.