Enekoitz Esnaola

Akats endemikoaz (I)

Orain ere prozesua eragile politikoek gehiegi kontrolatzeko arriskuaz aritu ginen igandeko analisian, eta akats endemiko horren adibideetako bat da Lizarra-Garazi garaia, kasurako German Kortabarriak (ELA) bere liburuko 704. oharrean kontatzen duena baliatuz ikusten denez. Hitzarmen hura 1998ko irailaren 12an sinatu zuten alderdi, sindikatu eta eragile sozial askok; aurretik aritu ziren lantzen. “Edonola ere, San Fermin jaien sasoian egindako bilkura batean norbaitek erabili zuen konparazioari jarraiki, argi zegoen entzierro hartan alderdiak zirela zezenak eta gainontzeko [Irlandako] forokokideak, haien ibilbidea errazteko eta akordioak babesteko zeuden joaldunak”. Kortabarriak ondoren dio Lizarra-Garazi akordioaren aurkezpena izan zen aste hartan bertan izan zuela ELAk “alderdien arteko adostasunaren berri, HB, EAJ eta EArekin izandako bileran; testurik ez zitzaion, hala ere, eman. (…) Larunbatean [1998-09-12] Foroari aurkeztu zitzaion testua erabat itxia eta ukiezina gertatu zen, eta bere hartan sinatu zen”.♦

1 Comment

  1. German Kortabarria Igartua

    Enekoitz Esnaolarentzat akats endemikoa dena, erabakitze prozesurako araubidearen lehen ikasgaia da Urkullu lehendakariarentzat, gaurko El País-ek dakarren elkarrizketan nahiko argi azaltzen duenez: instituzioetan dauden alderdiei dagokie prozesuaren lidertza; eragile instituzionalen arteko elkarrizketa da prozesuaren ardatza; euskal jendarteari elkarrizketa horrek ematen duen akordio instituzionala (ematen badu) berrestea dagokio. 1998ko Ardanzaren bake planaren antz handia hartzen diot Urkulluren egitasmoari.

© 2024 Lerro batzuk

Theme by Anders NorenUp ↑