(Juan Karlos Izagirreren agintaldiko kontakizunaren –Politikaren beste ikuspegi bat– lehen post scriptum-a). Historikoa izan zen hark 2011n Donostiako alkate postua lortzea, ezker abertzaleak –kasu hartan Bildu koalizioaren bidez– hiriburu batean zeukan estreinako alkatea zelako. Izagirrek ez zuen aipatzen ezker abertzaleko alkatea zenik; Bildukoa zela esaten zuen. Orain Iruñean Joseba Asiron (EH Bildu) den bezala. Asironenak ere badu historikotik, Iruñeak daukan pisu eta sinbologiatik. Izagirrek dio biak hurrengo astean “bilera serio bat” egitekoak direla esperientziak partekatzeko. Donostiako alkate ohiak ikusten du diferentzi nabarmen bat: “Iruñean EH Bilduk beste udal talde batzuekin batera gehiengo osoa du, eta gobernu akordioa daukate. Gauzak aurrera ateratzeko aukera ziurtatzen dio horrek Asironi. Gu, aldiz, gutxiengoan geunden, eta oposizioko taldeek birrindu egiten gintuzten, inolako logikarik gabe. Horrek pixkanaka desgaste bat dakarkie alkateari eta gobernu taldeari”. Abisu bat eman du, halaber, Izagirrek: “Udaletxetik aparte, Donostian eta Gipuzkoan zeuden bezala, Iruñean eta Nafarroan ere badira botere faktikoak, urteetan sare bat osatu dute. Euren interesengatik gustukoa ez zen udal gobernuaren aurkako izugarrizko lana egin zuten gurean, eta Iruñean ere egingo dute legealdi honetan”. Aholku txiki bat ere badu emateko: Asiron ere koalizio bateko kidea den arren, izan behar duela haren diziplina pean erabat ez aritzeko marjena eta baliatu behar duela hori.♦