BERRIAko analisiaren (2020-7-16) laburpena: Berriz ere EAJk aise irabazi ditu Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeak, (…) eta ez du deus aldatuko duela hamar urtetik —Ibarretxe erretiratu zenetik— argi eta garbi daraman estrategia. EH Bilduk alternatiba eraikitzeko baluke zer sakondua, eta PSEk, zer berritua biziberritzeko. (…) EH Bildurentzat garrantzitsua da EAEn EAJren alternatiba izaten hasteko sentsazioa izatea. Duela lau urte hamar aulkiko aldea atera zion EAJk (28-18), eta orain, bederatzikoa (31-22*), baina orain lau urte 173.000 botoko diferentzia kendu zion, eta orain, 100.000koa. (…) Datozen urteetarako badu kontakizun bat: alternatiba josteko aukera du. (…) Errealitateak errealitate, agenda soziala ere prozesu independentistan kokatuz, EH Bilduri, adibidez, gertutasun kontuagatik-eta, bere eredu munizipalistak ematen dio espazioak irabazteko egokierarik, eta aukera luke, batetik, lan horri proiekzio nazionala emateko, eta, bestetik, mugimendu handiago bilakatzeko. (…) PSEk babesa nabarmen galdu du. Eta, alderdi sozialistan, batzuk hasi dira ezbaian jartzen EAJrekiko koalizio estrategia. (…) Lopezen belaunaldiak eraman zuen PSE babes elektoral handieneraino, eta belaunaldi berak txikieneraino. Ez zaio ikusten bide berririk jorratzeko asmorik; EAJri kateatutako PSE bat da hau. Biziberritzen hasteko belaunaldi aldaketaren garaia ote han?♦