Harkaitz Canok Txintxarri-n esan du Euskaldunon Egunkaria-ren itxieraz antzerkilan bat idazten ari dela. Haren lehenengo antzezlan “nagusia” izango da, eta enkarguz jaso du. “Eta hortxe nabil, kazetaritzari eta Egunkaria-ren itxierari buruz idazten”. Kazeta gaur hamahiru urte itxi zuen Espainiako Estatuak, “indarrez eta gezurrez”, Canok berak Egunkaria-ren 25. urtemugaren garaian idatzi zuen bezala. Harentzat, “paper baino mapago zen Egunkaria, sortzetik: gure errepidea, gure geografia, gure komedia, gure tragedia, gure narrazioa”. Eta Anarirena ekarri izan du gogora: “Garrantzitsuena ez da guk nola irakurri dugun Egunkaria, baizik eta nola irakurri gaituen Egunkaria-k gu”. Ekarpen handiak Euskal Herria egiten joateko. Egunkaria herri proiektuak Gaur irekiko ditu ateak dokumentala (Eriz Zapirain, 2015) behar izan duen bezala, itxieraren auziak behar du antzezlanik, behar zituen Gezurra ari du. Egunkaria-ren itxieraren kronika (Lorea Agirre, 2004) eta Amesgaiztoa. Egunkaria auziko epaiketaren kronika (Pello Urzelai, 2010) liburuak, behar zuen Egunkaria, hamar urte geroago dokumentala (ETB1, 2013), eta beste. Baina hurrena ea inor animatzen den fikziozko film bat egitera, emozionalki, kulturalki, linguistikoki edota geografikoki urruti daudenengana heltzeko xedez. Garrantzitsua izan da guk nola bizi izan dugun Egunkaria auzia, eta garrantzitsua izango da gu ez diren haiek ere bizitzea, momentu batez sikiera. Hori ez dugu lortu, Espainiaren inpunitatearen patxadarako.♦