Iazko maiatzeko udal eta foru hauteskundeak baino pixka bat lehenago HBko Mahai Nazionalean 1980 eta 1990 hamarkadetan kide esanguratsu izandako batek esan zidan bere ustez Bilduren 2011ko emaitzetatik heren bat galduko zuela EH Bilduk, Ahal Dugu sortu zela eta. Ez zen horrenbesterako izan: lau herrialdeetako foru bozetan Bilduren botoetatik %8,1 egin zuen behera EH Bilduk, eta Bildu+Aralarren botoetatik, %17,8. Batez bestea ateraz gero, %12,9 behera. Abenduan bai galdu duela heren bat EH Bilduk, Kongresurako hauteskundeetan: Amaiurren bozen aldean, %34,7 gutxiago Hego Euskal Herrian. Forukoen aldean hauteskunde desberdinak izan ohi dira estatalak, eta harentzat azkenekoak gehiago, Podemos efektuagatik. Jaurlaritzak Eusko Legebiltzarrerako bozei begira egindako azken soziometroa atera da: bi indar haien kasuan, Ahal Dugu-k 18 aulki, EH Bilduk 15 –duela lau urte, 21–. EAEko bozak Ahal Dugu-rentzat foruetakoak ez direla izango ikusita –iaz alderdi berri-berria zen eta, gainera, udalekoetan ez zen aurkeztu– eta EH Bildurentzat estatalak ez direla aintzat hartuta –bere alde gehituz Otegi faktorea eta gatazkaren ondorioetako balizko urratsak–, kalkulu, aurreikuspen edo pronostiko bat izan daiteke EH Bilduk duela lau urtetik botoen %15-%20 galtzea; orduko banaketaren arabera, lau aulkiren galera.

Baina hor benetan ikusteko dagoena da EH Bilduk eta Ahal Dugu-k –Ezker Anitza ere sartu ahal da–, 75etik gutxienez 38 dituzten. Hau da, gehiengo osoa duten. Duela hilabete bat EAEko Ahal Dugu-ko inguruaren inkesta bat heldu zitzaigun: Ahal Dugu-k 22 –abendukoetan botoetan aurrena izan zen–, EAJk 21, EH Bilduk –Otegirekin– 16, PSEk 8, PPk 6, Ciudadanosek 1 eta Ezker Anitzak 1. Hots, Ahal Dugu+EH Bildu+Ezker Anitzak, 39.  Eman, ordea, EAJri gutxienik 3-4 gehiago –noren kaltetan, baina?–. Eta erne EAJk Ahal Dugu-Podemosera begira egin ditzakeen mugimenduekin, izan hemen, edo izan Madrilen, gobernu progresistarik (?) balego.♦