8719600510 zenbakidun presoa bihar geratuko da libre, 2009031275ak kartzelan segituko du. Hots, Arnaldo Otegi kalera, Rafa Diez oraindik preso. Zer moduz dago Diez? Haren seme Naikek kontatu digu “ondo” dagoela “fisikoki eta psikologikoki”. Santoñako (Kantabria, Espainia) espetxean daukate, Dueson; Donostiatik 160ren bat kilometrora –haren familia Donostian bizi da–. Naikek hilaren 20an bisitatu zuen azkeneko aldiz, lagun batekin batera, eta datorren igandean joango dira berriro etxekoak hara. Hilean bizpahiru bisita egiten dizkiote. Marka da!: Rafa Diezen aitona bat hantxe egona da preso, frankismoan; komunista zen. Moduloetatik bisiten lekura joateko zelai bat gurutzatu behar dute presoek, eta kartzela kanpotik ikusi ahal dira –argazkian, Rafa Diez, otsailaren 20an–, baita patioan daudenean ere. Haren semearen esanetan, asko ari da irakurtzen, eta “ezagutza handia du egungo egoera politikoaz”. Ingelesa ikasten dabil, preso sozial bati esker eta bere kontura, eta sukaldaritzako ikastaroak hartzen ditu. Palaz jokatzen du –kartzelako txapelduna da– eta badmintonen ere aritu izan da. Diezekin batera euskal preso politiko bakarra dago han: Imanol VicenteOtegi bezala –eta Miren Zabaleta, Arkaitz Rodriguez eta Sonia Jacinto legez–, Espainiako Justiziak Bateragune auzia dela-eta zigortu zuen Diez. Kartzela zigor bera jarri zien Otegiri eta biei, baina Diez hamazazpi hilabetez baldintzapean aske izan zen, ama zaintzeko baimen bat zela medio; Auzitegi Nazionalak 2011ko irailean berriro kartzelatzeko agindua eman zuen. Datorren urteko abuztuan-edo geratuko da aske, baina Naikek dio aita baldintzapean kalean egon zenean astean batzuetan joaten zela sinatzera eta ikusi beharko dela horregatik zigorra murriztuko dioten –Otegiri hilabete bat murriztu diote–. Beraz, 8719600510 presoa bihar, kalera. 2009031275a, barruan, EPPK-ko ia beste 400 lagun bezala.♦