BERRIAko analisiaren (2016-03-01) laburpena: Kanpoan da Arnaldo Otegi, libre, sei urte eta erdiko zigorra bete ondoren. 2008an Martutenetik atera zenean baino lan samurragoa dauka. Orduan, ezker abertzaleak hasteke zeukan estrategia politiko-militarretik estrategia politikora pasatzeko barne eztabaida. Logroñoko espetxe atarian egindako hitzaldi laburrean, unerako hautatutako eleak izan ditu –etorkinak, etxe desjabetzeak, preso sozialak, preso politikoak, independentzia…–, eta bukaeran: “Lehendakaririk onena, herria”. Horretarako, baina, mentalitate aldaketaren premian dira politikagintzan, kontzeptualizaziotik haratago doana. Funtsean, subiranistek badute zeregin bat: nola osatu, mugimendu nazionalista izan ondotik, mugimendu nazional bat. Horra bidean dena ezin(go) duenez batera egin, EH Bilduri laster tokatuko zaio EAEn, Otegi “animalia politikoarekin” –Jesus Egigurenen hitzak dira–, alor politiko-instituzionalean hautu jakina egin eta konpasa alde batera (Ahal Dugu) edo bestera (EAJ) mugitzea, markatutako esparruarekin bide bat saiatzeko. Eta garaia helduta, gontz funtzioa betez. Zehaztasun ikur ere badira konpasak.♦