Pello Urizarrek 14 botoko aldea kendu zion ildo kritikoko Maiorga Ramirezi EAko kongresuan idazkari nagusi izateko bozketan. Zuzendaritza osatzeko beste 11 postuetan ere Urizarren ildokoak irabazle. 12-0. Geroztik herrialdeetako biltzarrak egin dituzte, koordinatzaileak eta zuzendaritzak hautatzeko. NNafarroan Miren Aranoa ildo kritikoko hautagaia aukeratu dute berriro buru —ez zen beste hautagairik—. Ipar Euskal Herrian ere, berriz ere, Miren Urreiztieta ofiziala —beste koordinatzailegairik ez zen—. Bizkaian Iker Rahonak (ofiziala) Bruno Zubizarretari (kritikoa) 37 botoko aldea atera dio; Urizarren alde azaldu den bat zegoen lehen koordinatzaile. Gipuzkoan Mikel Goenagak (kritikoa) Iban Asenjori (ofiziala) 14koa atera dio; Urizarren ildoko bat zegoen lehen. Eta, joan den ostegunean, Araban Iratxe Lopez de Aberastuk (kritikoa) Antxon Belakorturi (ofiziala) 8koa; lehen, orain EH Bildun idazkaritza bat duena zegoen. Hiru bozketa horietan ofizialek 15 botoko aldea, baina Gipuzkoan eta Araban, kritikoak zuzendaritzan. Nafarroan ere bai. 2019ko maiatzeko udal eta foru hauteskundeei begira EH Bilduko zerrenden kasuan-eta ardatz nagusiak EAn zuzendaritzak proposatu eta batzar nazionalak ezarriko ditu —normalki, ofizialek irabazten dituzte bozketak—, baina gero herrialde bakoitzean tokiko zuzendaritzak izango du zeresanik. Eta EAko kongresuan bi ildoek azken unean lortutako akordio politikoan esaten dira gauzak: “alderdien arteko koalizio irekia [EH Bildu]”, alderdien “presentzia nabarmena”, alderdiek bilkide kopuruaren arabera adostu horiek zenbaterainoko ahalmena izango duten zerrendak eta barne ardura postuak osatzean… Eta, akordio politikoa egon arren, bi ildoak herrialdeetako batzarretan ere lehiatu egin dira. Kudeaketa bikoitz baten aurrean da Urizar: EAra eta EH Bildura begira. Duela bost aste baino egoera konplikatuagoa du.♦