Angel Erro.
JIRA

Sentimendua

2015eko martxoaren 13a
00:00
Entzun
Bada jendea beti bera dela esaten duena. Egiatia izaten da. Gauzak aurpegira esaten dituenetakoa. Niri, berriz, ez zait axola zerbait gordetzea, neure burua zatika baino ez erakustea, eta lagun batzuekin modu batera (demagun, malenkoniatsu eta arin) jardutea eta beste batzuekin beste batera (alai eta sakon). Batzuekin sexuaz mintzatzea gordinki eta beste batzuekin maitasunaz, gordinkiago. Horren ondorioa da ez nukeela jakinen nolakoa naizen esaten. Denborarekin zehaztugabetasun honetaz damutzetik harrotzera pasa naiz.

Geure artean tonu zakar eta ironikoan aritzen garen lagunarte bat lirikotasunak hartu du azken astean, Osasunaren gainbeherak, atxiloketek eta abarrek eraginik. Ez gara denok futbolzaleak. Halere, musika heroikoz lagundutako sostengu bideoak bidali dizkiote whatsappeko taldeari. Prentsan agertutako gutun pizgarriak. Guztietan sentimenduari dei egiten zaio. Osasuna kluba ez omen du zuzendaritzak osatzen, ezta jokalariek ere, ezta oraingo jarraitzaileek ere, zerbait gehiago da: sentimendu bat. Gabezia handiak ezkutatzeko ohiko bidea da sentimenduarena. Politikariek, idazle txarrek maiz jotzen dute harengana. Nik badakit non eta norekin nahi dudan sentimental jarri eta ez da hor.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.