Angel Erro.
JIRA

Desagertzea

2014ko abenduaren 9a
00:00
Entzun
Lagun batzuen konpainian eta lagun baten eskuzabaltasunari esker, orain lau urte aste t'erdi bat eman nuen Frantziako herri galdu batean. Bakoitzak egitasmo bat zekarren lanerako oporretara. Batek poema liburu bat amaitu, beste batek tesia, beste batek itzulpen bat, laugarrenak artikulu sorta. Saint-Girons herri lasaia zen. Txikia izan arren, liburu denda oparoa zuen. Egun batean merkatua egon zen. Beste batean Tour de France hortik pasa zen. Egun horretan ziklista ekipoetako jendetzat hartu gintuen zerbitzari batek. Ezetz esan genion. Orduan zertarako etorri nahi izanen zuen inork hori bezalako toki batera? Benetako arrazoiaz lotsatuta edo, batek, misterio aire batez, «hona desagertzera etorri gara» erantzun zion. Zerbitzariak, ulertuz, gauza bera egin zuen.

Pasadizoaz oroitu naiz orain gutxi matematikari baten hilberria leitu dudanean. Alexandre Grothendieck XX. mendeko matematikaririk hoberentzat jotzen dute. Politikoki oso engaiatua. Arrazoi bategatik edo besteagatik uko egin zien emandako sari guztiei. Argitaratzeari utzi eta Saint-Gironseko auzo batera erretiratu zen, orain hogeita bost urte. Hil aurretik debekatu du bere lanik inola ere erreproduzitzerik.

Desagertzen eskarmentu gabeok gu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.