Angel Erro.
JIRA

Zuloak

2015eko otsailaren 10a
00:00
Entzun
Herri honetan asko dakigu zuloez. Gure oroimenak, esaterako, zulo asko ditu. Familietan ere zuloak, hilotzez beteak, hura eragin dutenen damurik gabe. Adituak gara zulogintzan. Ikustea besterik ez dago gure poeta, prosista eta kantarien lanetan zenbat pitzadura, zenbat zirrikitu, zenbat arrakala ageri den, lur gainetik irentsiko gaituen beldur. Arrakalek arnasa hartzen dutela dio Sarrionandiak. Izaki bizidunak dira, zulo bilakatuz gero. Horregatik zuloetan adituaren lehen lezioa haiek ekiditearena dugu. Ez ikusiarena egin eta Immanuel Kanti sinetsi, in mundo non est hiatus, munduan ez dago arrakalarik, ez dago zulorik esaten duenean.

Trenbide batek behin zulo handi bat eragin zuen, Zizurkilen. Kausei buruz emandako informazioak ere zulo asko zituen, hala nola tren horren beharra edo benetako motibazioak. Gobernu batek zulo handi bat eragin zuen aurrezkien kutxa batean. Berriki beste zulo batek bete du eman nahi dizkiguten notizien horror vacui delakoa. Justizia jauregi baten aurrean gertatu da. Kartzela zegoen tokitik oso gertu. Baina kartzela hura ere orain zulo da, etorriko den espekulazioaren zimendu.

Zuloak ozenki mintzo zaizkigu harpeko ahotsez. Hobe genuke tarteka entzunen bagenitu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.