Hirurogeita hamar urteko gizon bati utzi ahal diot esan dezala oraingo gazteek ez dugula goserik igaro eta horregatik doala mundua doan moduan eta horregatik gaudela gazteok gurasoen etxean goxo, lanik egin nahi gabe, baldin eta bakarrik baldin solas pribatu batean bada (esaterako, taberna zulo batean), entzuleria urri, aspertu eta eztabaidatzeko gogo gutxiko baten aurrean; delako gizona eskolagabea bada (nire aitona bezala) edota nire aitona bera bada.
Zorionez nire aitonak ez zuen inoiz horrelakorik esanen, berak gosea edo, Gipuzkoako Enpresarien Elkartearen buruak ulertzeko moduan esanda, enprendedore grina pairatu bazuen ere, bere jaioterritik alde eginez. Horrek ez zion lanik ez izatearen errua norbanakoan jarraraziko.
Demagun Gipuzkoako ekintzagintza (hitza gaztelaniaz esan du Gibelaldek eta euskaraz bezain etsigarria da) bultzatzeko, gazteei benetako gosea pasaraziko bazitzaien, Enplegu eta Gizarte Politiketako Sailak babestutako gosete luze eta akuilagarria, gazte asko erbestera eramanen lukeena, zaudete seguru harrerako herrialdean hirurogeita hamar urteko gizon ongi eskolatu batek gazte horiek salatuko lituzkeela, ez baitatoz lanera, etorkin alferrontziak, «gure kontura» ongi bizitzera baizik. Ez bageneki.

JIRA
Gosea
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu