Angel Erro.
JIRA

Zuri

2016ko martxoaren 23a
00:00
Entzun
Atzo urdinari boikot egiteko proposatu eta beste kolore batekin jantziko naizela idatzi ondoren, asmoa nuen gaurkoa zuri koloreari eskaintzea. Iruinseme batentzat zuriz janzteak gauza bakarra esan nahi du. Hemendik gutxira entzierroan parte hartzeko eskubidea ere erabakiko du zuriak. Hortik jo nahi nuen.

Lagun batek, Belgikakoak gaia aldaraziko zidala ikusarazi ondoren, zutabea hutsik uzteko iradoki dit. Zuri. Plagioa izateaz gain, dilema morala piztuko zidan horrek. Zergatik isiltasunaren gorazarre edo gaitzespen ezin haratagokoa hildako hauei eta ez beste nonbaitekoei eskaini? Hurbiltasuna aski aitzakia da elkartasuna elkartasungabeki banatzeko?

Beste irtenbide bat eskaini dit: zutabea bigarren pertsona bati hitz eginda osatzea. Zuri, atentatuon biktima edo susmagarri gertatu zaren errugabe horri. Ez diot erantzun ere egin. Eta, hala ere, irudi bat etorri zait burura. Siriako errefuxiatuen eremu batean ume bat folio (zuri) batean gorriz idatzitakoa erakusten: Sorry for Brussels. Elkartasuna adierazten ari da, baina, polisemiaz, barkamena eskatzen ere bai, bere burua prebentiboki zuritzen, deus egin gabe ere barkatuko ez dion Europaren aurrean.

Lagunak eskatu dit gutxienez biharkoa gorriari ez eskaintzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.