Angel Erro.
JIRA

Europa

2016ko martxoaren 16a
00:00
Entzun 00:00:00 00:00:00
Historia errepikatu egiten da. Oraingoan ez dirudi ehun urtez ere zain egon beharko dugunik. Hala entzun diot afaria nirekin egiten duen lagunari, eskuin muturreko alderdien gorakadaren berriari adi gaudela. Historia batzuetan aldrebes errepikatzen da, gehitu dut nik. Errefuxiatuen estatutua, 1951koa, Europak egunotan muzin, tranpa edo ezikusia egiten dion bera, europar errefuxiatuak babesteko sortu zen. Orain ez betetzen beste presatu zen sinatzen Europa.

Historia errepikatzen da —hau ez du afarian inork esan, zuei esaten dizuet orain— muturretik muturrera. Artean historia ez zenak oraindik historia ez denaren antz handia du. Mitologiko jarriko naiz. Zeusek, zezenaren itxurapean, kontinente honi izena ematen dion printzesa bahitu, itsasoz Kretaraino eraman eta bertan bortxatu ondoren, abandonatzen du. Hutsa berdintzeko, hiru opari ematen dizkio: Talos brontzezko automata, Kretako kostaldea atzerritarrengandik nekaezin babesten zuena; Lelape zakurra, harrapakinik aske uzten ez zuena; eta itua beti jotzen zuen xabalina bat. Simonide poetak esaten du Talos mugazainak burlaizezko irri lazgarria egiten zuela Kretara sartzen saiatzen zirenak suzko besarkada emanez hiltzen zituenean. Europa errepikatu egiten da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.