garbine ubeda goikoetxea
BIRA

Ahaztua

2015eko maiatzaren 27a
00:00
Entzun
Ospetsuen alfonbra gorriari lehen jaunartze eguneko pasaldiari baino glamour eskasagoa ikusten dion honentzat, aurretik datorrena saihestu eta zeharka erreparatzea izan ohi da arnasbide bakarra, Canneseko zinema jaialdia bezalako ekimen arranditsuen sasoian. Haien harira baina bazterretik plazaratzen baitira beti, uste ez direnak eta perlak, sarri askotan iragan ahaztuari loturikoak. Alice Guy (1873-1968) deskubritu izana zor diot aurtengo edizioari.

Lumière anaien garaiko zinemagilea, Parisen ez ezik Hollywooden ere bide malkartsuak urratu zituena, ukazio sistematikoak —alegia, potrokoloak— eraman zuen izarrik gabekoen zakura. Georges Sadoul historialariaren apetaz, esate baterako, lehen zuzendaria edota zinema narratiboaren sortzailea izatearen merituak ostu zitzaizkion, eta Georges Méliès ilusionista txalotuari eman, chupachupsak bailiran. Azpigeneroak azpikategoria behar-eta.

Marka esanguratsuen zerrenda luzea du Guyk: 1.000 lan inguru zuzendu edo produzitutakoa, zinegile profesionaletan lehena, irudiekin batera gramofono bidezko grabazioak edota efektu bereziak erabiltzen aitzindaria, protagonista guztiak beltzak dituen lehen filmaren egilea, polizi generoaren fundatzailea...

Zer izan den zakilik gabe jaiotzea. Zer den.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.