Arrakatsa

Akatsa egitea gaitasun faltarekin lotu ohi bada ere, badira hanka sartzearen balioa aldarrikatzen dutenak, arrakasta lortzeko ezinbesteko urratsa diren neurrian. Hainbat jakintza arlotan aurki daitezke oker aritzearen onura defendatzen dutenen hausnarketak. Bada izena jarri dienik ere: 'erroristak'

BERRIA.
Gorka Berasategi Otamendi.
2017ko urtarrilaren 25a
00:00
Entzun
Hanka sartzeak ez dira aipatu ohi direnak, besteren aurrean paparra ateratzeko bulkadak harrapatuz gero. Are gehiago, akatsak mingarriak, lotsagarriak, deserosoak, traumatikoak eta abar izan daitezke, eta izaten dira. Bada, ordea, huts egitearen aldarria egiten duenik, baita okerrak gorazarrea merezi duela dioenik ere, ikasteko bide bakarra eta gizatasunaren muineko ezaugarria dela iritzita. Oraindik izen ofizialik ez duen arren, akatsen alde emankorra azpimarratzen duten diskurtsoak izendatzeko kontzeptu bat ari da zabaltzen, pixkanaka: errorismoa.

Errorismoaren adibide izan daitezke, esaterako, munduan geroz eta ugariagoak diren Fuck Up Nights topaketak. Porrot istorioak kontatzeko hitzaldiak dira, eta huts egitetik ikasitakoak gerora zein baliagarri izan diren kontatzen diete elkarri parte hartzaileek. Mundu zabaleko hamaika hiritan antolatzen dira, eta Euskal Herrian ez dira arrotzak.

Donostiako Tabakaleran egiten dituzte Fuck Up Night topaketak, hiru hilean behin. En Clave de Sol enpresak antolatzen ditu, Kutxa fundazioaren babesarekin. Sol Busca antolatzaileak (Donostia, 1987) azaldu duenez, helburua «mugimendua eratzea da», eta, horrekin batera, «gizartean porrotaren inguruan dauden beldurrak kentzea, ekintzaileak animatzeko».

Mexikon du jatorria mugimendu horrek. «2012an hasi zen. Trago batzuk hartzeko elkartzen ziren lagun batzuk konturatu ziren oso gutxi hitz egiten zela porrotei buruz. Negozio bat edo bikote harreman bat oso ondo zihoanean, erraz hitz egin zezaketen; baina ohartu ziren egoera kontrakoa zenean arazoak ezkutatzeko joera izaten zela. Orduan hasi ziren hilean behin Fuck up Nights izeneko ekitaldiak antolatzen, porrotari buruz hitz egiteko».

Donostian, iaz bezala, 2017an ere lau topaketa egingo dituzte. Joan den urtarrilaren 13an izan zen lehena, eta martxoan egingo dute hurrengoa. Arlo desberdinetako hiru ekintzaile elkartu ohi dituzte. Hizlariak aurkitzea, ordea, ez da kontu erraza izaten. «Jende askok oraindik ez du bere akatsei buruz hitz egin nahi».

Akatsak egiteari buruz gizartean dagoen ideia okerra da, Buscaren iritziz. «Pentsatu ohi dugu porrot egiten duena ez dela gai gauzak egiteko. Gure ideia justu kontrakoa da: saiatzen denak ikasten du, eta, berriro aukera duenean, hura izango da hobeto egiteko gai izango dena».

Silicon Valleyn ere (San Francisco, Kalifornia, AEB) oso zabaldua dago porrotari beldurra galtzearen aldeko filosofia. Teknologiaren esparruko ekintzailetzaren erdigunea da haran hori, eta ezinbesteko baldintza gisa ulertzen dute porrot egitea arrakasta lortzeko bidean. Halakorik ezagutu ez duenak nahikoa anbizioz jokatu ez duelako izan dela ulertzen dute.

Fuck Up Nights topaketetan bildutako esperientziek huts egitearen balioa frogatzen dutela deritzo Buscak. «Gehienek esaten dute porrotari esker izan dutela arrakasta hurrengo proiektuetan. Porrotak beste begirada bat eskaintzen dizu, beste egiteko modu bat. Batzuek diote ez direla hurrengo egunean hasi proiektu berri batekin, denbora behar izan dutela esperientziari buelta emateko, eta zaila egiten dela. Baina, beste proiektu bat aurkitzen dutenean, motibazio handiz heldu diotela».

Internazional Errorista 2005ean sortu zen, Buenos Airesen. Elkarteak bere webgunean (www.erroristas.org) jasotzen duenez, errorismoa «mugimendu kultural, teknologiko, zientifiko, politiko eta espirituala da, eta bere jarduera akatsean oinarritzen du». Internazional Erroristako kide Franco Berardi Bifo filosofo italiarraren esanetan, «akatsa da aurrerabiderako modu bakarra algoritmoen errepikapen infinituaren garai honetan. Akatsa da giza komunikazioa makineria digitaletik aska dezakeen bakarra. Akatsak bakarrik salba dezake gizadia perfekzio digitalean oinarritutako testuinguru tekniko eta sozialetik».

Hanka sartzeen balioa azpimarratu du Kathryn Schulz kazetari eta idazleak ere Being Wrong: Adventures in the Margin of Error (Hanka sartzea: Abenturak akatsaren ertzean) liburuan. Saihetsezina den esperientzia negatibo huts gisa ulertu beharrean, akatsa kontzeptu gisa pentsatzeko ikuspegi zabalagoa eskaintzen du—hanka sartzeak dituen ondorio kaltegarriak alboratu gabe—. «Moralaren kontrako ekintza baino, [huts egitea] banaezina da giza ezaugarri sakon eta ohoragarrienetatik: enpatia, optimismoa, irudimena, ziurtasuna eta adorea. Axolagabekeriaren isla izatetik urrun, ikasteko eta aldatzeko ezinbesteko elementua da. Akatsari esker azter ditzakegu gure buruak eta zuzendu munduari buruz ditugun ideiak».

Psikologia ikerketek frogatu dute okertzea ezinbestekoa dela ikasketa prozesuan. Hala defendatu du Cesar San Juan EHUko psikologia irakasleak (Bilbo, 1963). «Saiakera-akatsa dikotomian oinarritutako ikasketa askoz ere eraginkorragoa da memoriarentzat, saiakerak akatsik gabe egiten ditugunean baino. Adibidez, bideo joko batek ez liguke inolako interesik piztuko baldin eta makinari beti irabaziko bagenio. Azkar aspertuko ginateke. Hanka sartu behar dugu ikasteko, galdu egin behar dugu motibatzeko».

Akatsak ondorio larriak izan ditzake hanka sartzearen tamainaren arabera, eta zentzuzkoa da, beraz, desiragarriak ez izatea. Hala ere, dramatikoak izan ez arren, zenbaitetan akats egitea esperientzia mingarria izan ohi da. Bi zergati nabarmendu ditu San Juanek: erabaki arrazionalak hartzeko gaitasuna neurriz gain baloratzea eta besteen nahiei erantzuteko presioa. «Hanka sartzen dugunean sentitzen dugu ez ditugula egoeraren aldeko eta kontrako ezaugarriak ongi neurtu, ez garela horretarako gai izan. Horrez gain, senti dezakegu besteek gugandik espero zutenari huts egin diogula. Oso garrantzitsua da kontuan hartzea batzuetan ezinezkoa dela erabaki erabat arrazionalak hartzea». Kasu horietan bihotzari entzutea komeni dela deritzo.

Harrigarria gerta daitekeen arren, San Juanek nabarmendu du ez dela horren arraroa bizitzako esperientziarik hoberenak erabaki okerretatik eratorritakoak izatea; bikote harremanen porrotetatik edo gertakari traumatikoetatik, esaterako. «Maitaleari bidali nahi zitzaion mezua bikotekideari bidaltzeak hasieran ondorio traumatikoak izan baditzake ere, luzera, bien arteko arazoak argitzera behartu ditzake, eta egiaz zoriontsu izateko aukera zabaldu».

San Juanen arabera, huts egiteek eskain ditzaketen aukerak baliatzeko, jarrera optimista izatea da gakoa. «Badira frustrazioan gelditzen diren pertsonak, eta porrot sentimenduari helduta atsegin hartzen dutenak. Baina zailtasunen aurrean jarrera positiboa izateko gaitasuna landu egin daiteke. Horrek ahalegina eskatzen du, epe motzean katartikoagoa baitirudi hartutako erabaki okerrengatik norbere burua zigortzeak».

Okerrari etekina ateratzeko hutsegiteaz jakitun egotea erabakigarria dela ohartarazi zuen Francis Bacon filosofo ingelesak. «Argiago azaleratzen da egia akatsetik nahasmenetik baino». Zientziaren aurrerapenerako ezinbesteko baldintza da argi jardutea, Juan Ignacio Perez Iglesias EHUko errektore ohi eta egun Kultura Zientifikoa katedrako arduradunarentzat ere. «Hanka sartzea baliogarria izan daiteke argi baldin badugu gauzak nola egin ditugun; hurrengoan, berriz saiatzen garenean, gauzak ezberdin egiteko. Nahastea eta okertzea ez dira gauza bera. Okertu zaitezke aldagai bat kontuan hartu ez duzulako. Erabaki txarra hartu duzu, baina badakizu zer egin duzun eta zergatik. Beraz, ez zara nahastu».

Perez Iglesias mesfidati da argiak ez diren diskurtsoekin. «Irakasle batek gaiak argi azaltzen ez baditu, ez da irakasle ona. Berdin gertatzen da politikariekin ere: hitz ulergaitzak erabiltzen badituzte, ez naiz fio».

Gauzak horrela, akats batzuk jakintza zientifikoa eratzeko oinarri izan dira. Christian Bohr fisiologoaren kasua jarri du adibide Perez Iglesiasek. «Bohrrek proposatu zuen oxigenoa biriketatik odolera pasatzen zenean garraioak gastu energetikoa zuela. Harekin lanean zegoen August Krogh ikaslea konturatu zen hori ezin zitekeela horrela izan, eta, hori frogatzeko, gailu oso zehatz bat garatu zuen. Nobel saria eman zioten». Bohrren akatsa Kroghen aurkikuntza garatzeko oinarria izan zen.

Thomas Alva Edison asmatzaile estatubatuarrak ere balioa aitortu zion erratzeari, bonbilla asmatzeko lanetan murgilduta zebilenean. Saiakera ugari egin zituen wolfram haria baliatuta argia egitea lortu aurretik. Haren laguntzaileek hainbeste aldiz huts egitea etsigarria ez al zitzaion galdetuta, Edisonek erantzun zien bonbilla ez egiteko mila modu asmatu zituela ordura arte.

Okerrak, zuzena behar

Oker jardutea zuzen aritzearen kontrakoa da, eta bi kontzeptu horiek banaezinak dira. Beti doaz bata besteari itsatsita. Begi bistako kontua da, baina ideia horri tiraka atera daitezkeen ondorioak ez dira beti horren agerikoak.

Agustin Arrieta EHUko filosofoaren (Errenteria, Gipuzkoa, 1962) esanetan, «esparru jakin batean akatsa egin daitekeela onartzen denean, aitortzen dugu badagoela egiteko bide zuzen bat. Horri deitzen zaio ekintza ona, edo egia, izan daiteke objektibotasuna... Bi elementuak presente daudenean, esan nahi du esparru horretan arau batzuk daudela onartzen dugula».

Ideia horren aurka daude filosofiaren korronte eszeptikoa eta zinikoa. «Eszeptikoek eta zinikoek esaten zuten ez dagoela araurik. Beraz, ez dago esaterik zerbait ongi edo gaizki egin dugun. Baina jarrera horrek arazoak sortu zizkien hizkuntzarekin, hitz egiten duzunean arautegi bat onartzen ari zarelako. Zer egin zuten? Muturreko kasuetan, isilik geratu». Jarrera horrek bakartasun eta isiltasun erabatekora garamatza, Arrietak azaldu duenez.

Araurik ez onartzeak bezala, akatsei neurriz gaindiko beldurra izateak ere ondorio latzak ekar ditzake, Arrietaren iritziz. «Segur aski, emaitza paralisia da. Ez genuke ezer ere egingo». Rabindranath Tagore idazle indiarrak esana da: «Akats guztiei atea ixten dienak egiari ere ixten dio».

Buridanen astoak ez bezala —bi belar meta berdinen artean hoberena zein zen erabaki ezinik gosez hil zen hura—, ibili nahi duenak estropezu egingo duela onartzea komeni. Horretarako, agian, anka sartzeari beldurra galtzea onena.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.