Iñigo Aranbarri.
LARREPETIT

Merezi

2016ko otsailaren 28a
00:00
Entzun
Erretiro adina ere helduta, gero eta sarriago erakusten du burua Mikel Lejarza El Lobo-k, «ETAri otsoaren haginkada emateko» zerbitzu sekretu frankistek hazitako espioiak. Habitat egokia behar, agertzen denean beti da eskuin muturreko hedabideetan. Negarra jotzeko baliatzen du agerraldi bakoitza, ez diote nahikoa eskertu egindakoa. Houllebecqen pertsonaietako bat da, dena da gainbehera etengabea, hondoratzeak ez du akaburik: «Zertan okertu gara? Zein da egia? Merezi izan du hainbesteren eta hainbesteren sufrimenduak hona iristeko?».

Horra gizona bere bakardadean adinaren talaiatik begira historiari, kobratu dituenak bazter uzten baditugu, gaztetasuna eta gaztaroa benetan sinesten zuen kausa bati eman ostean. Merezi izan du? Unibertsala den galdera, XX. mendean Alemaniako armaden kontra aritu zirenena, zertarako hainbeste milioi hildako gero bentzutua ikusteko Europan nagusi; Jaraman Madrileko defentsan aritu zirenena, no pasaran!, baina pasatu ziren, eta noraino; belaunaldiz belaunaldi etsaiaren aitzi gora Euskadika joan diren guztiena, zertarako eta honetarako.

Agian galdera bera dago oker, ezen unean uneko hautuak egiten gaitu garena, ez epikan soilik, eta horrek ez du bueltarik, ezin liteke etorkizunetik osatu iragana. Besoak antxumatuta gelditzea ez da baleko aukera mundua bueltaka dabilela. Eta egia, hamaika azpildura zoragarri du historiak. Esaterako, Joxe Arregiren gorpu torturatuari argazkiak egitea otutzea. Bixente Ameztoi artistaren eta Juan Kruz Unzurrunzaga galeristaren ideia izan zen Arregi hilobitik atera eta munduari Espainia demokratikoa biluzik erakustearena oraintxe 35 urte.

Artisten harrikada, dudarik gabe. Baina seguru asko ez zena inoiz burutuko Unzurrunzaga ez balitz El Lobo-ren biktimetako bat izan. Itxaropena-ko Patxiren semea otsoaren «merezi izan du?» galdera horrexetan erori zen preso eta, milaka arregi bezala, torturatua izan zen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.