Idurre Eskisabel Larrañaga.
ARKUPEAN

Sabelak

2017ko apirilaren 22a
00:00
Entzun
Imajinatu dezagun andrazko bat erdi minetan, sabel eta sabel azpi guztia arranpa bizitan, arnasa bakoitza orro, bultzada bakoitza oinaze. Milaka bider ibili dugun irudia da: dela egoera bizi izan dugulako, dela familia kontakizunen parte garrantzitsu bat izaten delako, dela literaturan zein ikus-entzunezko fikzioetan errepikatzen den pasarte bat delako. Normalean bilakaera zehatza izaten du irudiak: halako batean jaio berriaren negar karrankariak andrearen oinaze oihuak eteten ditu, minak kizkurtutako aurpegia baretu egiten da, sofrikario malkoak poz isuri bihurtzen dira, eta ninia bular parean estutzearekin bat, zorion sakoneneko irribarre barea marrazten da. Alegia, mina pasa ez ezik, desagertu egiten da. Irudi horren maiztasun eta errepikapenak adierazten du, besteak beste, amatasuna adina sentimentalizatutako eta sentimenduen bidez hainbeste naturalizatutako gertakariak gutxidirela gure jendartean.

Batzuetan, beste bilakaera bat izaten du abiaburuko irudiak: oinazetan den andrea hilotz batez erditzen da. Ez da sortzen oinaze orroa etengo duen negar karrankaririk. Ez da osatuko amatasunerako urratsik. Beste batzuetan, negar bizigarri hori baden arren, esku zital batzuek andreari barik beste norbaiti ematen diote haurra, urrutira eraman dezaten; ebatsi egiten dute, erdi berriari amatasunerako urratsa eragozten zaio. Bi irudikapen horien bilakaeran mina ez da amaitzen; aitzitik, areagotu egiten da: erditzeko sofrikario fisikoa hutsean lagatzen duen oinaze erraietakoa marrazten da, espantuzkoa. Irudi hauen errepikapenak ere, besteak beste, adierazten du amatasuna adina sentimentalizatutako, eta sentimenduen bidez naturalizatutako gertakariak gutxi direla gure jendartean.

Horregatik, deigarria egin zait haurdunaldi subrogatuen, (edo, zehatzago, alokatutako sabelen) gainean sumatu dudan oniritzi zabala. Feminista kontzienteak izan ezik, inor gutxi sumatu dut praktika horren sakoneko esanahi eta ondorioei erreparatzen. Kontrara, aukera, eskubide, erabaki eta askatasun pertsonalen eremuan kokatu dute auzia gai horretaz solaskide izan ditudan gehienek, nahiz eta arestian deskribatu ditudan irudikapenekin erabat hunkituko litzatekeen jendea izan. Gainera, politikoki oso esparru zabala hartuko lukete.

Horrenbestez, deigarria egin zait kontsentsua, eta, nago, asko esaten duela gaur egungo eta hemengo jendeoi buruz, esparru politikoko kokapen zehatzez gaindi, gure sakoneko ideologiaz. Iruditzen zait, funtsean, erakusten duela zeinen barneratua dugun pertsonon arteko hartu-eman esparru guztien merkantilizazioa. Hain zuzen ere, merkantilizatzeak berak bestela abusuaren orbaina leukaketen praktikei askatasun zigiluaren zilegitasuna emateraino; edo, are, askatzaile izendatzeraino. Beste era batera esanda, hasierako irudikapenetan diru ordainik gabe giza eskubideen kontrako erasotzat joko genukeen gertakaria ordainpean libertate eta eskubide ekintza bilakatzeraino. Jakina, kontuan izan gabe diruaren irismen aukera (edo, zehatzago, irismen aukerarik eza) dela egun askatasun pertsonalen baldintzagarri handienetakoa. Hau da, sabela alokairuan ematen duena eta alokatzailea ez daudela, eskuarki, egoera berean erabakia(a)k hartzeko. Zeren eta besteentzako erditzen diren andre horienganako sumatu dudan enpatia faltak ez al du zerikusirik haiek gugandik oso urrun, eta, batez, ere, oso bestelako sentitzearekin? Gu geu eta geure hurbilekoak egoera horretan ikusteko aukera urriekin?

Halaber, uste dut honek guztiak hitz egiten digula XXI. mendeko mendebaldar jainko gabetuok gurasotasunaren bidez bilatzen dugunaz: diskurtso esplizituan maitasun, babes eta zaintza emate altruista hutsaz ari bagara ere, muinean, geure buruen proiektatze eta betikotze ahalegin primario bezain desesperatua.

Eta bai, hau guztia diot harreman heterosexual batean finkatuta hala erabaki duenean arazorik gabe guraso izateko aukera izan duenaren posizio abantailazkotik, sabel pribilegiatutik. Badaitort.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.