Jule Goikoetxea.
ARKUPEAN

Hiritarkeria

2015eko martxoaren 18a
00:00
Entzun
Hiritarkeria aurkeztera natorkizue, ciudadanismo gazteleraz eta citoyennisme frantsesez. Hiritarkeriak liberalismo ilustratua du iturburu eta egungo europar errepublikanismoaren eta sozialdemokraziaren funtsezko mantra da. Hitz gutxitan, bake soziala lortzeko kapitalismoa eta espazio publikoa (zibikoa) uztartu nahi dutenen ideologia da. Manuel Delgadok dioen moduan, hiritarkeria kapitalismoaren aldaketa etikoaren alde dauden mugimendu sozial, sindikatu eta alderdien diskurtso bilakatu da (ikus Ciutat Morta). Balio demokratiko abstraktuen eta parte-hartze zibikoaren izenean mobilizazio indartsuetara deitzen da, ez kapitalismo patriarkalaren kontra, azken horren gehiegikerien kontra baizik. Mugimendu eta alderdion oinarrian, ideia politiko zehatzak baino gehiago, sentimendu partekatuak daude, bidegabekeriaren kontzeptualizazio morala, bake soziala eta produkzio eraginkorra ahalbidetzen duen moral liberal unibertsala. Ez, hiritarkeriadun guztiak ez dira Kant edo Hegel, obreroagoak dira, eta Mouffe eta Laclau dituzte bide-erakusle, hau da, ez dira Merkel, Lula baizik, baina ez dute Brasilik, Alemaniako turismo mediterraneoa soilik, beraz, Lula ere ez dira. Nortzuk dira? Mugimendu eta alderdi hiritarkeriazaleak langile klaseari eta patriarkatuari erreferentziarik egiten ez diotenak dira, eta oso-oso modernoak baldin badira, naziogintzari ere omisio. Zientzia politikoen ikuspegitik guztiz eskuindarrak diren ideiak txertatu nahi dituzte: naziogintzarik eta estatugintzarik gabeko herrigintza teorikoa nahi dute eta, praktikan, herririk gabeko hiritar zibikoen Estatu globala.

Baina ez al da hau gure betiko Robespierre analogikoa? Gure Habermas Sozietate Anonimoa-ren patriotismo konstituzionala? Gure Euroalemaniar Batasunaren mito fundatzailea? Ez al da hau gure Euskal Hiria? Gure gizon-ilustratu-goi-eta-ertain-klase-potoldu-bizkaitarrek duten Euskadirako makro-estrategia postsoberanoa? Ez al da hori Podemos-ek vascoentzat duen plana? Beharbada, ez, baina diskurtso amankomuna dute hiritarra izeneko ugaztun ilustratuaren inguruan.

Uste dute (desioa omen) gizartea ur gardeneko Lurra izeneko konstituzio loratu xamur batean alferrik eta ergelik gabeko lurzoru zati zehaztugabea baina betiere espainola ingelesa frantsesa edo alemana oinazpiekin ukitu barik hegan dabiltzan izpirituen multzoa dela. Ez dago naziorik klaserik generorik. Ez dago dependentziarik ezgaitasunik amorrurik. Laburbilduz, ez dago komunitate politikorik, kasta batengandik gobernatuak diren ugaztun moral unibertsalak soilik. Ez dago zakilik ez alurik ez odolik. Hiritarrak soilik (eta imasdemasia).

Beraz, euskal hiritarra izateko, kosmopolita bilakatzeko, kokapenik, ideologiarik, usainik, naziorik, ezgaitasunik eta titirik gabeko ugaztuna izan behar duzu. Zure partikulartasunak, kasu honetan, bai kastaren bai kasta kritikatzen dutenen zakila, zuritasuna, goiertainklasetasuna, kapitala, jatorria eta naziotasuna ezkutatu behar. Horrexegatik, hiritarkeriazale ilustratuei (hots, Estatua dutenei edo Estaturik gabe bizi daitekeela uste dutenei) berdin die eskolan, administrazioan, osasungintzan euskaraz edo katalanez egiten ez bada, ugaztun unibertsalek hizkuntza unibertsalean aritzea baita helburua eta orduan, orduan bai, hizkuntza zibilizatu batean gure senetik atera ahal izango gara, oligarkikoki, inperio alemanaren europar onespenarekin, gure obedientzia akreditatuko dute, Lady izango gara, Herr-en emazte, egiarenean ostatu hartuta boterearen plazer diskurtsibo patologikoan egoitzaduna. Eta orduan, orduan bai erail ahal izango dugula zibikoki, hots, hiritarki, unibertsalki, ilustratuki.

Hiritarkeriak obedientzia ilustratua aldarrikatzen du, partikulartasunez garbitutako (ez klaserik ez generorik ez naziorik ez emoziorik) espazio publiko unibertsalak izan daitezela geure hiriak (Bilbolandia-Singapur eredu), eta titirik, odolik, usainik eta azalik gabekoak geure hiritarrak (Urkullu eredu). Aldiz, espazio pribatuan piztiarena egiten jarrai dezakegu, bortxatu, umiliatu, eta baita ere, egoskor jarrita, euskaldun eta pobre izaten jarraitu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.